Aitor Olaziregi txirrindulari zumaiarrak junior maila utzi eta 23 urtez azpiko maila estreinatuko du datorren denboraldian, eta maila aldaketak talde aldaketa dakar. Gipuzkoa kanpotik eskaintzan izan dituen arren, Hyundai Oarso Car-Caja Rural taldearen aldeko apustua egin du Olaziregik. Pistako denboraldia hastear, Arritxu Iribarrek kontatu dizkigu azken berriak.Caja Ruralek pistako talde bat babestuko du estreinakoz, eta taldeko ziklista gazte hauen jarraipena egingo du, ondoren errepideko denboraldia ere osatuko baitute (gogoan hartzekoa da Movistar eta Caja Rural direla estatu espainiarrean dauden talde profesional bakarrak). Garrantzitsua da Olaziregintzat talde horretan leku bat izatea.
Larunbatean ekingo dio denboraldiari Olaziregik, Gipuzkoako pistako lehen probarekin. Sub 23ak eta elite mailakoak elkarrekin lehiatzen dira pistan open mailan, beraz, profesionalekin batera korrituko du Olaziregik: Allan Davis (Orica) eta Euskadi taldeko Unai Iparragirre, Illart Zuazobiskar, Aritz Bagues eta Mikel Aristi. Denboraldia prestatzen hasi berria den arren, gogotsu eta ilusioz beterik dago Olaziregi bere kirol ibilbideko aro berri honen aurrean.
Viveros San Anton
Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteak ere larunbatean estreinatuko du pistako denboraldia. Gorka Etxabe eta Haritz Eizagirre izango dira junior mailan pistako denboraldiari hasieratik helduko diotenak. Bigarren urteko juniorrak dira biak eta aurten iaz erakutsitako maila ona berrestea izango da euren helburua, ahal bada emaitza hobetuta. Jon Agirre berriz debutaria izango da mailan, baina oraindik ez da leihatzen hasiko.
Eider Manzisidor eta Eider Unanue
Aurten bi izango dira Zumaiako Txirrindulari Elkartean hasi eta Caja Rural-BideBiden korrituko duten ziklistak: Eider Unanue juniorra eta Eider Manzisidor kadetea. Oikiako gaztearentzat dena oso berria izango da; beraz, egokitze urtea gerta daiteke hau. Zumaiar juniorrarentzat, berriz, denboraldi ona izan behar du maila honetako azkena, goi goi mailan ibili behar du, sailkapen buruan denboraldi honetan.
Larunbatean hasi eta otsaila hasiera bitartean osatuko da Gipuzkoako pistako torneoa. Zumaiako Txirrindulari Elkarteak zorterik onena opa die parte hartuko duten guztiei.