Udalak hartu du aurten Kabalgata koordinatzeko ardura, hainbat herritarren laguntzarekin

Baleike 2013ko aza. 6a, 10:20

Errege Magoen Kabalgatarekin aurrera egitea erabaki dute Udalak eta interesa agertu duten talde eta herritarrek. Hala erabaki zuten atzo iluntzean egindako bileran. Elkarterik ez da agertu Txepetxaren lekukoa hartzeko prest eta, gauzak horrela, aurten Udalak berak koordinatuko ditu Kabalgata aurrera ateratzeko lanak, dagoeneko lanerako izena eman duten hainbat herritarren laguntzarekin. Txepetxak ere antolaketan laguntzeko borondate osoa agertu du. Kabalgata antolatzen lagundu nahi duten herritar, talde eta elkarteei parte hartzera dei egin nahi die Udalak, "denontzako lana egongo da eta".

"Gure nahia izan da elkarteren batek hartzea Txepetxaren lekukoa, baina oraingoz ez da inor prest agertu. Hala ere, egin ditugun bileretan ikusi dugu herritar asko daudela antolaketan parte hartzeko prest, eta erabaki dugu aurtengoa koordinatzeko ardura Udalak berak hartuko duela", azaldu digu Eneko Agirre kultura zinegotziak. "Guretzat ahalegin handia izango da, baina garbi utzi nahi dugu Udalak beti izan duela Kabalgatarekin aurrera segitzeko borondatea; uste dut hartu dugun erabaki honekin garbi geldituko dela".

Dagoeneko hamabost lagunek eman dute Kabalgataren antolaketan parte hartzeko izena. "Eskertzekoa da hainbat lagunen jarrera. Dena den, jende gehiago beharko da eta izena emateko aukera zabalik dago. Herriko zaldizaleak ere parte hartzeko prest agertu dira –zaldiak erabiliko dira karrozen partez–, eta azpimarratu nahi dut Txepetxak lehen momentutik erakutsi duen borondate ona. Beraien esperientziaren ekarpena garrantzitsua izango da". Hurrengo egunetan lan taldeak antolatuko dira, ardurak banatzeko.

Aurten Udalak hartuko du koordinatzeko ardura, baina aurrera begira elkarteen esku utzi nahiko luke. "Egokiena litzateke elkarte bat edo bat baino gehiago arduratzea Kabalgata antolatzeaz. Aurtengoa pasa ondoren, saiatuko gara bide hori jorratzen", aurreratu du Eneko Agirrek.