ARGAZKIA: Nagore Garcia, berriro etxean

 

 

Herrira-ren aurkako operazioan atxilotutako 18 lagunak aske gelditu dira –azken biak gaur aterako dira–. Nagore Garciak eta beste hiruk 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan dute Soto del Realeko kartzelatik irteteko. Nagore Garcia goizaldean iritsi da Zumaiara, eta dozenaka lagunek harrera beroa egin diote. Bestalde, Zumaiako udalbatzak Herrira-ren kontrako operazioa salatzeko mozioa onartu du, Bildu, Aralar eta EAJ-PNVren aldeko botoekin –PSEk ez du parte hartu–. Horrez gain, atzo arratsaldean prentsaurrekoa eta manifestazioa egin ziren, eta gaur eguerdirako ere ordubeteko lan uztea dago iragarrita. Hemen irakur dezakezue prentsaurrekoan irakurritako oharra:

Udal plenoan onartutako mozioa

"Aste honen hasierarekin batera Herrira mugimenduaren aurka buruturiko polizia operazioaren ondoren, Kostako Herrirako kideok honokoa adierazi nahi dugu:

1-Lehenik eta behin, gure elkartasun osoa atxiloturiko 18 lagunei, bereziki Nagore Garcia zumaiarrari. Azken orduko berrien arabera, 18 lagunetatik 14 fidantzarik gabe kalera atera dira, eta beste 4 berriz, Nagore horietako bat izanik, 20.000 euroko fidantzapean irtengo dira. Esan beharra dago nahiz eta denak kalera atera, epaiketaren zain geratzen direla.

2-Eraso berri honekin presoen eskubideen aldeko aldarria kaletik atera nahi izan dute, horren alde lanean dabilen eragile edota pertsona ororen aurka eginez.

3-Baina ez hori bakarrik, Estrasburgoko auzitegiak laster kaleratu dezakeen 197/2006 dotrinaren aurkako ebazpenak urduri jarri du espainiar estatua, kriminalizazioa eta atxiloketak izan direlarik bere erantzuteko bidea.

4- Egin Dezagun Bidea ekimenak lortu zuen arrakasta mobilizatzailea tresnaz hornitu nahi izan genuen, eta asmo horrekin jaio ginen ere. Argi genion 2012ko otsailean, gure mugimendua aurkeztu genuen egunean, preso eta iheslarien egoera genuela kezka iturri, eta ondorioz, egoera honi irtenbidea ematea helburu:

- Euskal preso politikoen aurkako salbuespeneko neurriak indargabetuz, dispertsioari amaiera emanez, biziarteko zigorrak indargabetuz eta isolamendu egoerei amaiera emanez.

- Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batuz, dagozkien eskubide guztiak bermatuak izanik eta prozesu demokratikoan parte hartzeko bideak indarrean jarriz.

- Iheslari politikoen aurkako jazarpena amaituz eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari ere prozesuan parte hartzeko aukera irekiz.

- Preso eta iheslari politiko guztiak etxeratuz, gatazkaren konponbide prozesuari loturiko ibilbide dinamiko baten garapenean.

 

5-Argi esan genuen ere Herrira mugimenduak ez duela inolako alderdi edota erakunde politikorekiko inolako menpeko loturarik. Gure inspirazioa ez da politikagintzan aritzea, aipatu berri dugun bezela preso eta iheslariak etxera ekartzeko helburuarekin bat egiten dugun herritarron mugimendua eraikitzea baizik.

6-Presoen eskubideen defentsa ez dago eragile edota pertsona konkretu batzuen esku. Euskal Herrian ehunaka eragile eta milaka eta milaka pertsona gara euskal preso politikoen eskubideak errespetatu behar direla exijitu dugunak behin baino gehiagotan. Horregatik, gure konpromiso nagusia sentsibilitate eta izaera desberdinak izanik ere, printzipio eta helburu hauekin bat egiten duten herritarrak bildu eta antolatzeko markoa eta baliabideak eskeintzea izan da eta izango da aurrerantzean ere.

7-Bide honi ekin genion beraz 2012ko otsailean, eta bide beretik jarraitzeko intentzio irmoa dugu. Atxiloturiko 18 kideetatik hasita, gutako bakoitza tanta ezinbestekoa izango da bide horretan. Eta tantaz-tanta itsasoa izango gara preso eta iheslarien eskubideen defentsan, lehen adierazpidea larunbat honetan izango duen itsasoa, Bilboko kaleetan egingo dugun manifestazio jendetsuan. Doakie gure eskualdeko tanta guztiei Bilbora joateko deialdia, arratsaldeko bostak eta erdietan La Casillan topo egingo dugularik".