Gipuzkoako errepideko denboraldia igandean bukatuko da Zumaian jokatuko den lasterketarekin. Lasterketa goizeko 10etan hasiko da Zumaian eta, bi itzuli txiki eman ondoren, ohiko Zakila Birako ibilbidera joango dira parte hartzaileak; lau itzuli osatu eta zatirik zailenari ekingo diote, Getariako bidea hartu eta Garate gainditu beharko baitute Zumaiako helmuga harrapatu aurretik. Gzutira, 96,5 km. 12:30ak aldera amaituko dute.Lasterketak berezitasun asko ditu; denboraldi amaiera izateaz gain, aurten Gipuzkoako udazkeneko kriteriumeko azkena ere izango da. Hiru lasterketek osatzen dute kriteium hau, aurreko larunbatean Larratxon jokatu zen lehenengoa. Oso lasterketa gogorra eta arriskutsua izan zen, 15ek amaitu zuten Jon Madariaga eta Mikel Matxinea Limoussin taldeko ziklistek aurrea hartu zuten eta Viveros San Antongo txirrindularietatik Aitor Olaziregik eta Ibon Egañak bukatu zuten. Aitor Olaziregi bi lehenengoen ondorengo multzotxoan ailegatu zen, karrera zortzigarren amaituz; Ibon Egaña berriz 14. izan zen, denbora dexenteko atzerapenaz.
Larratxon lasterketa bukatu zuten 15 horiek dute Udazkeneko kriteriuma lehiatzeko aukera, baina Zumaiako hitzorduaren aurretik larunbatean Urretxun izango dute bigarren etapa. Horrek bideratuko du igandeko azken sailkapena; beraz, sailkapen nagusia eta karrera berarena izango dira jokoan Zumaiako 35. Sari Nagusian.
Baina beste berezitasun bat ere badu lasterketak, Joxe Mari Korta saria hain zuzen ere. Lasterketa honetan taldekako saria nabarmentzen da, talderik onenak sari berezia izaten du J.M.Korta saria, hain zuzen ere, Zelai talaso zentroan egonalditxoa. Sari hau oso estimatua izaten da eta denboraldiari amaiera emateko gainsari aproposa, talde osoarentzat baita euren ahaleginarentzat aitortza.
Viveros San Antonek 4 ziklistekin hartuko du parte herriko karreran: Aitor Olaziregi, Ibon Egaña, Haritz Eizagirre eta Jose Manuel Castillo. Olaziregi, Egaña eta Castillorentzat maila honetako azkeneko lasterketa izango da gainera, datorren urtean afizionatu mailara pasako baitira.
Ziklismo zaleoi dei egiten dizuegu, herriko lasterketara gerturatzeko eta gazte mailako karrera honetaz disfrutatzeko.