Olatu gaineko dantza hasi baino ez da egin

Baleike 2013ko ira. 23a, 11:56

Ikuskizuna gozatzeko osagai guztiak bete dira aurtengo surf eta bodyboard txapelketan: eguraldi paregabea, uda giroa Itzurunen, olatu politak eta kirolari apartak olatu gainean. Horri gehituz gero dozena inguru bainuzaleren erreskatea eta olatu artean agertutako krokodilo surflaria, atzo ez zen aspertzeko aukerarik izan Itzurunen. Larunbatean gaztetxoenekin taldeka egindako txapelketa ez lehikorrean garbi gelditu zen bodyboardak etorkizun ederra duela Zumaian, espero baino haur gehiagok hartu baitzuten parte. Nagusienen saioetan, Alex Odriozolak eta Josu Alkantarak irabazi dituzte bodyboard eta surfeko txapel nagusiak, hurrenez hurren. Eta onena da hau hasi baino ez dela egin: urriaren 12an eta 13an Euskal Bodyboard Zirkuituko azken proba jokatuko da Itzurunen, eta urriaren 18tik 20ra Europako mailako txapelketa. Hemen daukazue txapelketako argazki bilduma (Argazkiak: Gorka Zabaleta).

Taula luzearekin —longboard— Jesus Mari Aizpurua Poti beteranoa izan da onena; dropknee modalitatean, —paipoarekin belauneko— Alex Odriozola; 18 urtez azpikoen bodyboard txapelketan, Gazta; gaztetxoen taldekakoan, Kimetz, Annette eta Luken; aipamen bereziak jaso dituzte Karmelak —lehiatu den neska bakarra—, Jesus Mari Aizpuruak —"etorkizun handiko gaztea"— eta Andoni Izagak —iazko lesiotik ederki osatu delako—.