Bigara Pulpok Egia hartuko du Lubakin denboraldiko lehen partidan

Baleike 2013ko ira. 20a, 11:13

Larunbatean jokatuko Bigara Pulpok Ligako lehen partida (Lubakin, 16:30ean), Donostiako Egiaren aurka. Erraz esaten da, baina Lehen Mailan erreskadan jokatuko duten hamabosgarren denboraldia da aurtengoa. Zailtasunik ez da faltako, zenbait jokalari garrantzitsuk taldea utzi dutelako; baina ilusiorako arrazoiak ere badaude, gazteak ari direlako pixkanaka goi mailara iristen.

Azken denboraldietan bezala, mailari eustea izango da Bigara Pulporen erronka bihartik aurrera. Eta ez da erronka makala, Pulpo bezalako klub apal batek Lehen Mailan (dagoen hirugarren mailarik onena) 15 urte segidan osatzea goraipatzekoa baita. Zailtasunak izango dituzte, Sasiain anaiak, Alkortak eta Mikel Arrietak taldea utzi baitute. Hutsune handia utziko dute, eta taldeak denbora eta entrenamenduak beharko ditu berriro gogortu eta mailari neurria hartzeko. Baina badago itxaropenerako motiborik, etorkizun handiko jokalari gazteak ari direlako pixkanaka iristen. Ziur aurten bat baino gehiago ikusiko dugula lehen taldearekin jokatzen. Hasteko, Egia hartuko dute Lubakin, larunbatean, 16:30ean.

Baina Pulpo mutilen lehen taldea baino gehiago da. Orotara, aurten 14 talde izango ditu lehian, eta gehitu behar zaizkie gaztetxoenekin osatutako eskubaloi eskolako taldeak –2002an jaiotako haurrek izena emateko aukera dute oraindik–. Kadete eta jubenil mailako neska zein mutilak maila gorenean ariko dira aurten ere.