Urrezko domina irabazi du Osak binakakoan

Baleike 2013ko ira. 19a, 14:42

"Nahikoa burdin eraman behar dugu etxera...". Danimarkako Munduko Txapelketatik pozik bueltatzeko moduan da Xabier Osa piraguista. Atzo, zilarrezko domina bakarkako estropadan; eta gaur, Luis Medrano espainiarrarekin bikotea osatuta, urrezkoa. "Esprintean irabazi dugu, azken txanpan". Bihar arratsaldean bueltatuko da Zumaiara.

K1ean zilarreko domina

Dena ondo joanez gero bazekien aurreko postuetan ibiliko zela, baina nahikoa eskarmentu badu eta badaki lehia hauetan edozerk utz zaitzakeela jokoz kanpo. Zorionez, ez da ezustekorik egon eta txapelketa borobila atera zaio Xabier Osari. K1ean zilarra irabazita, gaurko K2ko estropadan iazko garaipena errepikatzea zuten helburu Medrano bikoteak eta biak. "Iaz baino askoz estuago irabazi dugu. Abiatu orduko aurrera egin dugu guk eta Alemaniako bikoteak –Thomas Kittner eta Klaus Gieres, azken hau atzoko irabazlea K1ean–. Elkarrekin egin dugu estropada osoa, oso lehia jatorrean, azpijokorik gabe. Azken garraiatzera hala iritsi gara eta handik helmugara 500 metro baino ez daude". Atzo Klaus Gieres alemaniarrak azken garraiatze hartan egin zion hanka. Gaur kontrakoa gertatu da. "Gu aurretik atera gara eta abantaila horri eutsi diogu. Hala ere, esprinta oso estua izan da eta piragua erdiko aldearekin irabazi dugu. Egia esan, ez genuen espero, beraiek oso azkarrak baitira, baina zorionez gauzak horrela atera dira". Ahalegin handia egin behar izan dute azken txanpan, indarrak erabat hustutzeraino. "Helmugara iritsi eta Luis [Medrano], uretara erori da; eskuek ez zioten gehiagorako ematen. Baina segituan etorri da bere onera".

Gaurko gaua Danimarkan egingo du eta bihar eguerdi aldera abiatuko da etxerantz, aurrena Madrilera eta ondoren Bilboko aireportura.