Bloga sortu du Irakurri matte irakurle taldeak

Baleike 2013ko ira. 5a, 18:38

Datorren ostegunean, hilak 12, emango diote hasiera 2013-2014 ikasturteko programazioari, Alice Munro idazle kanadiarraren (Ontario, 1931) Zorion handiegia ipuin-liburuarekin. Duela bi urtetik hilero-hilero biltzen dira liburu baten bueltan solasean egiteko, literaturaz gozatzeko, Uxue Alberdi idazlea gidari. Taldeak beti ditu zabalik ateak, eta orain leiho bat ere ireki dute Baleikeko blog komunitatean. Irakurri matte blogean aurkituko dituzue jorratuko dituzten liburuen kritikak eta erreferentziak, eta saioen ondoren kronika edo liburuaren iruzkina. Hemen dauzkazue aurkezpen gutuna eta 2013-2014rako prestatu duten programazioa:

"Ongi etorri Irakurri matte! irakurle-taldearen blogera. Hilero-hilero elkartzen garen taldea gara, liburu baten bueltan, sorginak suaren inguruan nola. Bi urtetan hamaika liburu irakurri ditugu, eta hatz-mamiak tintaz belztu nahian jarraitzen dugu. Datorren ikasturterako ere programazio ederra prestatu dugu: 10 liburu, 10 solasaldi, gurera etorriko diren 5 idazle. Blog honetan bertan emango dugu liburuen, idazleen eta geure irakurle-inpresioen berri. Zain izango gaituzue hileroko bigarren astearte iluntzeetan: gonbidatuta zaudete leihotik buru barrenetara argia sartzen ikustera".

Irailak 12 (18:00etan, Alondegian): Zorion handiegia. Alice Munro

Urria: Festa aldameneko gelan. Mariasun Landa

Azaroa: Garbiketa. Sofi Oksanen

Abendua: Nora ez dakizun hori. Irati Jimenez

Urtarrila: Umeek gezurra esaten duteneik. Uxue Apaolaza

Otsaila: Haragia. Eider Rodriguez

Martxoa: Hamaika pauso. Ramon Saizarbitoria

Apirila: Bulkada. Jon Benito

Maiatza: Ertzeko zatiak. Jon Sarasua

Ekaina: Mussche. Kirmen Uribe

Beltzez daude solasaldian parte hartuko duten idazleak.