Datorren astean hasiko da Pulporen eskubaloi eskola

Baleike 2013ko ira. 3a, 09:25

Pulpo kirol elkarteko eskubaloi taldeak martxan dira dagoeneko. Gaztetxoenak baino ez dira falta lanean hasteko, eta haien txanda datorren astean izango da, ikasturtearekin batera.

2002an eta 2003an jaiotako mutilak astelehenean hasiko dira entrenatzen, 17:00etan –astelehenetan eta asteazkenean izango dituzte saioak–; neskak asteartean hasiko dira eta ostegunetan ere izango dituzte entrenamenduak, 17:00etan hauek ere. Jokatu nahi duenak nahikoa du entrenamendura agertuta.

Bestalde, gizonezkoen talde nagusiak Euskadiko Kopako lehen partida jokatu zuen larunbatean Elgoibarren, eta 23-19 galdu. Jubenil mailako hainbat jokalarik izan zuten lehen taldearekin debuta egiteko aukera. Aste honetan Egian jokatuko dute eta hilaren 13an Arrasate hartuko dute Lubakin.