Iñigo Peña: "Bost onenen artean sartu eta urtea borobildu nahi dugu Munduko Txapelketan"

Baleike 2013ko abu. 28a, 10:09

Alemaniako Duisburg hirian dago Iñigo Peña, ostiraletik aurrera Munduko Txapelketan lehiatzeko. Espainiako selekzioaren K4an hartuko du parte –Javier Hernanz, Oscar Carrera eta Rodrigo Germaderekin batera–, mila metroko distantzia olinpiarrean. Europako Txapelketa nagusian laugarren izan ziren, eta 23 urtez azpikoan txapeldunorde. "Munduko Txapelketan bost onenen artean sartzea da helburua eta, hor bagaude, dominen lehiatik gertu egongo gara". Ostiralean izango dira lehen kanporaketak eta finalaurrekoak, eta igandean finala.

"Astelehen iluntzean iritsi ginen Duisburgera. Ez zaigu Alemaniako ostaturik erosoena egokitu, egia esan. Eskailera dezente gora eta behera, eta lo egiteko literak dauzkagu". Hala ere, moldatzen da. Bazkalondoren deitu diogu eta kostatu zaio telefonoaren txirrinari erantzutea: "Lo seko gelditu naiz...". Denboraldiko hitzordurik garrantzitsuena du asteburuan, baina ez da alferrik estutzen den horietakoa. Bere kirol bizimoduaren parte da etengabeko presioa. Munduko Txapelketa honek duen garrantzia aipatu digu: "Espainiako selekzioak urte dezente daramatza K4ko talde on bat osatu ezinik, eta urte hasieran federazioak apustu serioa egitea erabaki zuen. Rioko Olinpiar Jokoetarako laukote sendoa nahi dute. Proiektuak ilusio handia egin zidan eta hor murgilduta nabil buru-belarri. Dagoeneko emaitza onak lortu ditugu: bigarren izan ginen 23 urtez azpikoen Europako Txapelketan eta laugarren maila gorenekoan. Orduz geroztik bi segundu ondu dugu gure marka, eta Munduko Txapelketa honetan gure maila ematen badugu lehen bosten artean egon beharko ginateke, dominen lehiatik gertu. Hala bada, datorren urtean laukote berberak jarraituko dugu lanean eta horrek jarraipena emango dio proiektuari".

Ostiralean lehiara

Aurkari gehienak Europakoak dira, baina Australia ere aintzat hartu behar da. "Europako Txapelketan Txekiar Errepublika, Hungaria eta Portugal izan genituen aurretik. Portugal ez dago Mundialean, baina etxeko taldea, Alemania, aurkari gogorra izango da. Eta horien atzetik, Errusia, Frantzia, Bielorrusia... Eta noski, Australia, Londresko Jokoetako txapeldunak". Ostiral goizean jokatuko dira kanporaketak (11:00), arratsaldean finalaurrekoak (16:00), eta igandea arratsaldean finala (16:00).