Olarro Egunean txosnetan lan egiteko izen ematea zabalik dago

Baleike 2013ko abu. 26a, 11:11

Olarro Eguneko txosnetan lan egin nahi duten taldeek abuztuaren 29a baino lehen eman beharko dute izena Turismo bulegoan. Oinarriak edo bestelako informazioren bat nahi dutenek ere bertara jo beharko dute. Izen emate epea bukatuta, parte hartzaileekin (ezinbestekoa da talde bakoitzaren ordezkari baten parte hartzea bileran) abuztuaren 30ean, 19:00etan, Turismo bulegoan egingo da bilera.

Olagarroa oinarri

Festa honen oinarria gastronomia eta olagarroa dira, eta hori dela eta urtero lehiaketa gastronomikoa ospatu ohi da. Aurtengoan, Zumaiako elkarte gastronomikoei dei berezia egin nahi zaie lehiaketa horretan parte hartzeko. Herritar ugari ibili ohi dira elkarteetako sukaldeetan kazuela eta kutxara artean beren abilezia erakusten, eta horiei Olarro Egunean egiten den lehiaketan parte hartzeko deia egin nahi zaie.

Herria apaintzeko deia

Iraganean gure herrian arrantzak izan zuen presentzia berreskuratu nahi da aurten eta horretarako Udalak dei egiten die herritarrei Olarro Egunean etxeetako balkoiak sarez hornitzeko, sareak herriaren historian izan duen garrantzia aitortzeko. Era berean, Zumaiako Udalak bere eraikinak apainduko ditu.