Fernando Velazquez konpositore getxotarrak zuzendutako orkestrak igande gauean Maria eta Josen emandako kontzertu apartaren ondoren, opera mundura egingo du salto Zumaiako Musika Jaialdiak Iker Gonzalez Cobeaga herritarrak emango duen hitzaldiarekin. 'Arratsalde bat operan' izena jarri dio hitzaldiari eta 20:00etan izango da, Alondegian.
Iker Gonzalez berak honela azaltzen du gaurko hitzaldia:
"Opera izan da musika estiloen artean zeresan gehien sortu dituenetako bat. Mendeetan zehar operak hainbat hika-mika sortu ditu: abeslari baten edo beste baten aldeko jarraitzaileen artean edota Wagneren estilo berritzailearen aldeko zaleen eta Verismoaren aldekoen artean. Liskar hauek alde batera utzita, garbi dago opera garai bakoitzean bizi zen gizartearen isla paregabea dela.
Gaur egun opera bat aipatzerakoan (Aida, Tanhausser, Turandot, La nozze di Figaro…) bere egileen izenak etortzen zaizkigu gogora. Baina nolakoa da musikagile hauen lana? Nola joan da opera aldatzen urteetan zehar? Zer nolako estiloak eta elementuak aurki ditzakegu opera ezberdinetan? Solasaldian zehar hurrengo puntuak jorratuko dira:
Libretoa: Historia eta istorioen arteko lotura
Pertsonaiak eta ahotsak: Ahotsen eta pertsonaien arteko loturak
Orkestra: Ahotsen akonpainamendu lau bat izatetik operaren katalizatzaile izatera iritsi arte.
Korua: Bakarlariek beraien jantziak aldatzeko aukera izatetik pertsonai bihurtu arte.
Opera idazten: Nola sortu benetako istorio bat?"