Proposamen berritzaileak dakartza Musika Jaialdiak

Baleike 2013ko uzt. 30a, 09:54

Urtean zehar entzuten ez ditugun estilo eta formatoak eskaintzea da Musika Jaialdiaren helburuetako bat. Aurten ere bide horretan sakontzeko ahalegina egin da. Esate baterako, Txomin Agirreren Kresala eta Garoa eleberriak egokitu ditu San Pedro Abesbatzak, Astindu eta Distira taldeekin elkarlanean, abuztuaren 1ean eskainiko duen kontzertu berezirako; Naufragoak dantza ikuskizuna izango da Itzurunen (abuztuak 2); Lo imposible in concert saio berezia igandean; Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren Bi arreba ikuskizuna hilaren 6an; La Serva Padrona opera buffa abuztuaren 8an...Hemen daukazue egitarau osoa, hainbat ikuskizunen bideoekin, aurrerapen modura:Musika Jaialdia San Pedro abesbatzaren eskutik hasiko da, abuztuaren 1ean. Iker Gonzalezek azaldu duenez, urtero saiatzen dira zerbait berezia egiten: "Ez da erraza urtero zerbait berritzailea eskaintzea, baina saiatzen gara. Aurten Txomin Agirrek Zumaian idatzitako bi eleberri hartu ditugu oinarri, Kresala eta Garoa. Itsas eta nekazaritza giroko abestiak moldatu ditugu. Gainera, Astindu Dantza Taldeak parte hartuko du, eta Distirakoek egindako argazkiak proiektatuko ditugu. Eta ahotsei laguntzeko zenbait instrumentu ere izango dira, hala nola, klarinetea, alboka edota pianoa".

Hurrengo egunean, abuztuaren 2an, Itzurungo hondartzan jarraituko du jaialdiak, Naufragoak dantza ikuskizunarekin. Gaueko 21:30ean hasiko da, ilunabarrarekin bat egin dezan.

Aurtengo jaialdiko beste kontzertu azpimarragarria igandekoa izango da.  Lo Imposible in concert antolatu du Zumaiako Bandak, Maria eta Jose ikastetxeko aretoan. Iazko Donostiako Zinemaldian antzeko ekimena ikusi eta Zumaiara ekartzea burutatu zitzaien. "Lo Imposible pelikula ospetsuko musika konpositorea, Fernando Velazquez getxoztarra, laguna dugu. Zumaiara ekarriko dugu, orkestra batekin, berak konposatutako musika jotzeko", azaldu du Bandako kide Marixi Sesmak. Lo Imposible-ko musikaz gain, Velazquezek beste zenbait pelikuletarako egindako musika joko dute (El Orfanato, El hombre esponja...), eta baita ere John Williams konpositore handiaren pieza ezagunak. Kontzertu honetarako sarrera erosi beharko da. Dagoeneko salgai daude turismo bulegoan, bost euroan (hiru euro gazte txartelarekin).

Musika Jaialdiko egitaraua

Abuztuak 1, osteguna

22:00etan, parrokian, Zumaiako San Pedro abesbatzaren kontzertua: Kresala eta Garoa

Abuztuak 2, ostirala

21:30ean, Itzurunen, dantza garaikide ikuskizuna, Dantzaz konpainiaren eskutik: Naufragoak

Abuztuak 3, larunbata

23:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan, Jazz@roak 5tet-en kontzertua.

Abuztuak 4, igandea

22:00etan, Maria eta Jose aretoan, Lo imposible in concert, Fernando Velazquezek zuzenduta. Sarrera bost euro.

Abuztuak 5, astelehena

20:00etan, Alondegia kultur etxean, Arratsalde bat operan, hitzaldi musikala, Iker Gonzalezen eskutik.

Abuztuak 6, asteartea

20:00etan, Alondegia kultur etxean, Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren eskutik, Bi arreba ikuskizuna.

Abuztuak 7, asteazkena

19:00etan, Aita Mari aretoan, Ate Joka taldearen haur antzerki musikala: Bibolin magikoa

Abuztuak 8, osteguna

22:00etan, Maria eta Jose aretoan, Le Tendre Amour: La Serva Padrona opera buffa. Sarrera bi euro.

Abuztuak 10, larunbata

22:00etan, Aita Mari aretoan, Iñaki Salvador eta Ainara Ortegaren eskutik: Cine para dos y un terrón de jazz

Abuztuak 11, igandea

20:00etan, Mari kalean, The Sey sisters gospel kontzertua.