Itxas-Gaineko kadeteek (K4) zilarra lortu dute Espainiako Txapelketan,1.000 metroko proban

Baleike 2013ko uzt. 30a, 08:46

Galiziako Verducidoko urtegian jokatu berri diren Espainiako Txapelketetan zilarrezko domina irabazi du kadeteek lauko piraguarekin, mila metroko distantzian, Irungo Santiagotarraken atzetik eta Sevillako Nauticoren aurretik. Unai Gereka, Imanol Barruetabeña, Kepa Txapartegi, Unai Azkune eta Martin Egaña –azken biak txandakatu egiten dira– sekulako denboraldia ari dira osatzen. Galiziako zilarraren aurretik, brontzea lortu zuten Espainiako Kopan, eta garaipena Valladoliden eta Sanabrian.

Txapelketako beste emaitza batzuk.

K1ean, Martin Egañak (19.) eta Unai Azkunek (18.) estropada ona egin zuten baina finalerdietara sailkatzeko segundo batera gelditu ziren. Irati Osa laugarren izan zen bere finalerdian, eta B finalerako sailkatu zen; sailkapen nagusian 12. amaitu zuen. K2an, Kepa Txapartegik eta Martin Egañak finalerdietarako sailkatzea lortu zuten. Lan zaila izan zuten, 50 bikotetik gora eta 10 postu baino ez zeudelako finalerako. Estropada ona egin zuten eta 13. sailkatu.