"Arraun elkartea beti oso ondo portatu da gurekin; bertsolariok laguntzeko unea da orain"

Baleike 2013ko uzt. 18a, 10:19

"Nik urte asko egin nituen kotxea gidatzeko baimenik gabe eta lagun eta bertsolari askok eraman naute bertso saioetara, batera eta bestera. Gidatzeko baimena atera nuenean, zorra kitatzeko, zerbait berezia antolatu nien: arraun eguna". Orduz geroztik, urtero biltzen dira Zumaian Lujanbio, Egaña, Mendizabal, Sarasua, Iturriaga eta enparauak, Telmo Deuneko tostak probatzera. "Arraun elkartea beti oso ondo portatu da gurekin; orain premia dute eta bertsolariok erabaki dugu laguntzeko momentua dela". Hortik dator ostiralerako antolatu duten bertso saio berezia. Jon Maiak kontatu digu historia:

"Badira 11 urte bertsolariok urtero Zumaian biltzen garela arraunean egiteko. Hasieran oso zaleak ginenak biltzen ginen: Sarasua, Peña, Mendizabal... Batela hartu eta egun pasa egiten genuen. Baina duela 11 urte koadrila handiagoa bildu nuen. Gidatzeko baimena atera nuenean, bazkaria agindu nien. Orduan bururatu zitzaidan polita litzatekeela bazkaldu aurretik arraunean egitea. Elkartearen hitz egin eta oso ondo hartu zuten. Telmo Deun zaharrean atera ginen itsasora bertsolari koadrila. Sekulako esperientzia izan zen konpetizioko traineruan ibiltzea. Orduz geroztik, urtero egiten dugu arraun eguna, abuztu amaieran. Klasikoa bihurtu da: itsaso irten arraunean, han bainua hartu, hamaiketakoa egin, olagarroa jan... Eta gero soziedadean bazkaltzen dugu. Gogoan dut lehen urtean 32 lagun bildu ginela. Moisesek [Egaña] prestatu zigun bazkaria Anaden".

Urtero arraun elkarteak uzten dizkie ontziak, instalazioak, materiala... "Oso ondo portatu dira gurekin eta beti esan diegu zerbait behar izanez gero gurekin kontatzeko. Aurten, zoritxarrez, babesle nagusirik gabe gelditu dira, eta aurreko urteetatik badago ordaindu beharreko zorra. Traineru berria ordaintzeko kanpaina martxan jarri zutenean pentsatu nuen oraintxe zela momentua bertsolariok gure alea jartzeko. Horrela sortu da bertso saio berezi hau. Berezia da, sortu den moduagatik eta bilduko duen bertsolari kopuruagatik ere: hamabi bertsolari eta patroia (gai jartzailea)... Hamahirugarren arraunlaria publikoa izango da. Zumaian inoiz egin den bertso saiorik handiena izango da. [pullquote]Zumaian inoiz egin den bertso saiorik handiena izango da[/pullquote] Esan behar da saioan izango diren bertsolariak boluntarioko eman dutela izena. Beste askok ere adierazi dute etortzeko gogoa, baina data hauek ez dira denontzat onenak, saio asko izaten direlako herriz herri. Sekulako maila izango du Zumaian bilduko den bertsolari traineruak".

Luxia-ri omenaldia

Arraun Elkartearen aldeko bertso saioa ostiralean egingo da, Aita Marin, 22:30ean; hamabi bertsolari ariko dira, Jon Maia patroi dutela: Maialen Lujanbio, Anjel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Iker Zubeldia, Unai Iturriaga, Eneko Abasolo, Julio Soto, Sustrai Colina, Sebastian Lizaso eta Amaia Agirre. Saioan zehar, omenaldia egingo dio Arraun Elkarteak Luis Mari Olasagasti Luxia-ri, ia 30 urtez Zumaiako entrenatzaile izan denari.

Sarrera 10 euroan dago salgai leku hauetan: Zumaian bertan, Turismo Bulegoan eta Idoia Ardotegian. Saioa hasi aurretik Aita Mari aretoko lehiatilan ere jarriko dira salgai. Bildutako dirua Arraun Elkarteari laguntzeko izango da.