UGT: "Europar komisioak gehiago inplikatu beharko luke ontzigintzan, enplegua eta aberastasuna sortzeko motorra delako"

Baleike 2013ko uzt. 9a, 14:06

Astilleros Balenciaga enpresako langileek ordubete lanustea egin dute gaur eguerdian, ontzigintza pairatzen ari den arazoari konponbide bat eskatzeko. Pasaiako Zamakona ontziolako langileek ere lanustea egin dute eguerdian bertan. Sestaoko La Naval ontziolako langileen ordezkaritza bat Zumaian izan da Gipuzkoako ontzioletako langileen eskaerekin bat eginez.

Ontziola hauetan egin diren geldialdiak uztailaren 11n Bruselan egingo den bilerara begira egin dira. Egun horretan Europako Konpetentziako Komisario Joaquin Almunia Euskadiko, Asturiasko eta Galiziako autonomia erkidegotako presidenteekin eta UGT eta CC.OO.-ko idazkari nagusiekin bilduko da. “Ekintza hauekin presioa egin nahi dugu, zabalik dagoen txostena itxi dadin inongo dirurik itzuli gabe. Hori izango litzateke aukera bakarra ontzigintzaren alde apustua egiteko eta Euskadiko ontziolen etorkizuna bermatzeko”, zioen UGTko kide Manuel Veladok Balenciaga ontziolaren atarian.

Ostegunean egingo den bilerara begira zuhur jokatu nahi dutela azaldu du. “Uste dugu arrazoi guztia dugula. Komisioak bere garaian Frantziako gobernuari eman zion tratu berea ematea eskatzen dugu. Europar Komisioak gehiago inplikatu beharko luke ontzigintzan, enplegua eta aberastasuna sortzeko motorra delako Euskadiko leku deprimitu batzuetan (Bizkaiko Ezkerraldean) edo industria honenganako dependentzia duen beste batzuetan (Zumaia edota Pasaia)”.

Presioa egiteko, ostegunean bertan manifestazio handia egingo da Ezkerraldean eta bertan parte harrtzeko deia egin du Veladok. “Denon artean arazo hau desblokeatu dezakegu eta armadoreei konfiantza eman”. Zentzu horretan, ontziolek lan karga 2014ko amaierara arte dutela azaldu du. “Zenbait kontratu negoziatzen ari dira eta arazoa konpondu arte ezingo dira lotu”.

Europatik hartutako erabaki batzuk ulergaitzak direla aipatu du UGTko kideak. “Alde batetik gauza batzuk ondo ari dira egiten. Gazteentzako lana sortzeko diru-laguntzak onartu dira, baina bestetik Espainia mailan ontzigintzaren inguruan dauden 87.000 lanpostu txikitu nahi dituzte. Komisioak erabaki behar du zer egin nahi duen Europako ontzigintzarekin. Arazoa ez da Espainiakoa bakarrik; txostenak ireki dizkiote Holandari, Portugali, Maltari edota Alemaniari. Komisioak salaketak egiten jarraitzen badu, probetxua Asiako herrialdeetako ontziolek aterako dute”.