Sanpedroetan ez da su-artifizialik izango, Portuetako Sailak ez duelako baimenik eman

San pedro jaietako egitarauaren barruan su artifizialen ikuskizuna zegoen iragarrita larunbat gauerako. Ekitaldi hori, baina, ez da azkenean egingo. Udalak bidali duen ohar batek informatzen du horren berri.

Ostiral arratsaldean hasiko dira sanpedroak

Jarraian duzue oharra bere osotasunean:

"Sanpedroetako su ikuskizunetarako prest du guztia Zumaiako Udalak, baina gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzako Portu eta Airoportu sailak jakinarazi dio ez duela horretarako baimenik.

Zumaiako Udalak ekainaren 6an, ohiko posta bidez urtero bezala su-artifizialak botatzeko eskaria egin zion Eusko Jaurlaritzako Portu eta Airoportuetako Sailari, alde batetik, eta Joku eta Ikuskizun Sailari, bestetik. Eskaera horretan bidali ziren: Pirotecnia Zaragozanaren agiri eta egitasmo osoa, DYA eta suhiltzaileei dagozkien ziurtagiriak, Udalarentzat Mapfrek duen aseguruaren agiria eta mergentzia plana.

Aurten, lehen aldiz, Kirol Portuko aparkalekutik botatzeko eskaera egin zen. “Urolako itsasadarraren Plan Berezia egiten ari gara momentu honetan, eta lehen botatzen zen lekua, Santiago hondartzaren atzeko aldea, leku babestua dela kontuan izanda, kirol portutik botatzeko eskaera egin genuen”, azaldu du Iñaki Agirrezabalaga alkateak.

Joku eta ikuskizun Sailak adierazitako jarraibideak jarraituz, Espainiako Gobernuko delegaritzari beharrezkoa zen eskaera egin zitzaion, eta beharrezko ziren aldaketak egin ziren emergentzia planean. Joku eta Ikuskizun sailak beren baimena eman zion Udalari, betiere Portu Sailak eman beharreko baimenaren zain gelditzen zen, ordea.

Emergentzia plan honez gain, Zumaiako kirol portuko arduradunek, Zumaiako Udaltzainburuak eta Zarauzko suhiltzaileak koordinatuta, kirol portuko itsasontzien babeserako zaintza berezia eta ontzien ureztatzea antolatu zen. Baina hori guztia ere ez da nahiko izan. Hilaren 27ko eguerdian jakinarazi baitiote Zumaiako Udalari ez duela baimenik su-artifizialak botatzeko.

“Portuetako Sailak itsasontzietatik gertuegi bota nahi ditugula argudiatzen digu telefonoz, eta horren inguruan txostena egina omen du. Bidaltzeko behin eta berriro eskatu diogu, baina ez digute bidaltzen. Gainera, orain arte botatzen ziren lekutik itsasontzietara, eta bota nahi ditugun lekutik itsasontzietara distantzia berdintsua dagoela uste dugu”, dio Agirrezabalagak.

Gainera, argudio horretaz gain, bestelako argudioak ere entzun behar izan dituzte. “Balorazio teknikoa egin behar duen teknikari berdinak, udaleko teknikariari beste hainbat gauzaren artean, ea su artifizialek erraustegiek bano dioxina gehiago botatzen dituztela ba ote zekien galdetu zion. Beraz, ez dakigu juxtu zergatik ez diguten su artifizialak botatzen uzten”, gaineratu du Agirrezabalagak."