Birziklapena bai, atez atekoari ez plataformak bilera irekia egin du gaur arratsaldean Oxforden 'Lortu dugu' lelopean. Bileran, Hondakinen mahaian lortutako akordioaren berri eman die bertaratutako ehundik gora herritarrei eta balkoi eta leihoetatik poltsak kentzeko deia egin dute.
Aurrez emandako prentsaurrekoan ordezkariak pozik agertu dira akordio batera heldu izanarekin eta taldearen sorreran ezarritako bi lerro gorriak iragan ez izanagatik. Oier Korta eta Jean Pierre Ithurbide ordezkarien esanetan, bi lerro gorri horiek taldearen izenean bertan daude: "birziklatzea bai eta atez atekorik ez". "Hasieratik txintxilikarioen eta hondakinak ateratzeko egunak eta orduak jartzearen aurka geunden. Txipdun edukiontzien sistema honekin horiek ekiditen dira eta horregatik esan dezakegu sinesten dugula sistema honetan".
Zero Zabor Zumaian taldeak aurkeztutako proposamen honek elkartu ditu Hondakinen mahaian esertzen ziren parte guztiak. Hala onartu du Kortak. "Mahaia estankatuta zegoen. Zero Zabor beldur zen herriko zati batek nahi ez zuen sistema bat ezarriko balitz boikotak egongo zirela. Hasieran inork ez zuen bai edo ez esan, baina ikusi zenean proposamen horretan egon zitekeela erdibidea, denok egin genuen aurrera. Hori izan zen mahaia salbatzeko modu bakarra".
Emaitza pozgarritzat jotzen badute ere, prozesua ez omen zen "erraza" izan plataformakoentzat. "Lerro gorri horiek errespetatu behar genituen. Gainera, 4.300 pertsona genituen atzetik eta ezin genuen amore eman".
Onartutako proposamenean plataformaren eskakizun batzuk jasotzen direla aipatu zuten. "Eraikin publikoetan gaika sailkatzeko edukiontziak jartzea eskatzen genuen. Ez zen onargarria jendearen sukaldetan sartzea, zure etxean lan egin ez duzunean".
Birziklapenaren inguruko kontzientziazio lanak beharrezkotzat jotzen dituzte "inposizioaren" ordez. "Inposatzeak jarrera txarrak ekartzen ditu eta horrek asko arduratzen gintuen".
Jendaurrean egindako bileran balkoi eta leihoetatik poltsak kentzeko gonbitea luzatu zuten. Horretaz gain, birziklatzearen garrantzia azpimarratu zuten. "Badago jende bat birziklatze sistema baten aurka bakarrik ez, birziklatzea beraren aurka dagoena. Hori ez da onargarria; birziklatu behar da".
Akordioa sinatu badute ere, plataforma oraindik ez dela desagertuko adierazi zuten: "Prozesuaren jarraipena egingo dugu, bide onetik doala ziurtatzeko".