Euskara Zerbitzuak antolatua duen Euskara, bestela ez gara zikloa irekiko duen hitzaldia izango da datorren asteazkenean, hilaren 20an. XXI. mendeko euskaldunak: ”Nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada!” izena jarri dio Kike Amonarrizek hitzaldiari eta Alondegian emango du, 19:00etan hasita.
Gure hizkuntza komunitateak sakoneko aldaketak bizi izan ditu XX. mendearen erdialdetik aurrera. Globalizazioaren, digitalizazioaren eta komunikatzeko aukera eta modu berrien eraginez, guztiz aldatu dira euskaldunon ezaugarri sozio-demografikoak, darabilgun euskara eta baita euskararen erabileraren inguruko parametro asko.
Oso egoera soziolinguistiko desberdinak sortu dira Euskal Herrian eta egoera konplexuago honen isla eta ondorio gisa, haur eta gazteen tipologia soziolinguistikoak ugaldu egin dira.
Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) euskal filologian lizentziatutako soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezlea da. Gainera, Tolosako Udaleko euskarako teknikaria izan da eta SIADECO elkartekoa ere bai. 2006. urtetik Mihiluze saio arrakastatsuaren aurkezlea da Ilaski Serranorekin batera.