Sekula ez duzu angula horrela ikusi

Baleike 2013ko urt. 30a, 12:11

Gabonetan edo San Sebastianen bueltan, albistegietako ohiko irudia da, arrandegietan angulak 500, 600 edo mila euroan. Gutxi batzuen eskura dagoen luxuzko produktua. Baina, komunikabideetan saltzen zaigun irudiaz aparte, zer dakigu animaliaz? Galzorian al dago? Zergatik? Zer neurri proposatu dira? Zer diote angulazaleek? Erantzunak bilatzen saiatu gara. Argazki ederrez jantzitako erreportaje zabala aurkituko duzue otsaileko Baleike aldizkarian (ostiraletik aurrera kioskoan). Bitartean, hemen aurrerapena eta angularen bihotz taupaden bideo ikusgarria (odolaren zirkulazioa ere ikusten da):

BIDEOA: Angularen bihotz taupadak

Sargazoetako harribitxia

Ozeano sakonetik errekara, eta errekatik berriro itsasora. Horixe da aingiraren bizitza. Karibe aldean dagoen Sargazoetako itsasoan jaiotzen da, itsas hondoan, ur sakonetan. Hondotik ur zutabera igotzen denean, zentimetro eskaseko larba da. Oraindik ez du igeri egiteko ahalmenik, baina hosto forma dauka –leptozefaloa da– korrontearen indarraz baliatzeko. Horrela, Sargazoetatik Ipar Atlantikorantz doan itsas korronte nagusian murgilduko da, bi urte eta erdiz 5.000 kilometroko itsas zeharkaldia egiteko.

Ozeano Atlantikoaren bestalderaino iristerako ia bost zentimetroko angula bilakatu da. Planktona jaten du. Lehenik, Afrika iparraldeko kostaldeetara iritsiko da. Bizitzeko leku egokirik aurkitzen ez badu, iparralderantz jarraituko du. Mauritaniatik Norvegiarainoko itsasadarrak eta errekak kolonizatzeko joera du.

Itsasadarretara iristen direnean, marea bizien eta itsas korronteen laguntzarekin sartuko da erriora. Ilargiak ere zeresan handia du angularen portaeran. Argia ez du batere gogoko –fotofoboak da–, eta ilargi berriaren zain egongo da mugitzeko. Horrez gain, euriteek eragindako ur uherra aurkitzen badu, orduan bai baldintza onak harrapakariengandik ezkutatzeko.

Behin itsasadarraren barrualdean, bertan bizitzeko babeslekua eta jatekoa aurkitzen baditu, han osatuko du

heldutasunerako zikloa. Azken finean, itsasadarrean baino jateko gehiago ez du inon aurkituko. Baina lekurik ez badu, orduan errekan gora egingo du, bere espazioa aurkitu arte.

Behin bere lekua hartu duenean, eraldatzen hasiko da. Lehen aldaketa azalean gertatzen zaio. Errioko ur gezan murgildu bezain pronto azal gardenean pinportak agertuko zaizkio; aurrena buru aldean, ondoren marrak gorputz osoan; erabat belztu arte. Pixkanaka gorputza luzatu eta loditu egingo zaio, angula izaten da 10 cm arte eta hortik aurrera aingira.

Anguloia izango da aurrena, aingira horia ondoren, eta aingira zilarkara erabateko heldutasunera iristean –zilar kolorekoa du sabela–. Zenbat eta iparralderago, orduan eta urte gehiago behar izaten dute zikloa osatzeko: gure errioetan zortzi edo hamar urte behar dituzte; Europa iparraldean hogei.

Aingira zilarkarak azken itxuraldaketa egingo du bidaiari ekiteko. Gorputzean nahikoa gantz pilatu duenean, gorputzeko zuloak estaliko ditu; ez da gehiago elikatuko; begiak ere atrofiatu egingo zaizkio: itsaso sakonean ez du haien premiarik. Udazkenean abiatu eta sei hilabetean Sargazoetako jaiolekura itzuliko da. Han, sakoneko ilunak gordetako itsas hondoan, arrautzak errungo ditu emeak, arrak ernal ditzan. Hala jaioko dira ozeanoaren bestalderantz abiatuko dira harribitxiak.

Bitxikeriak

Anaia amerikarra

Sargazoetako itsasoan aingira amerikarra ere jaiotzen da. Bitxia da, bi espezieak leku berean jaiotzen direlarik, batzuek Ipar Ameriketarantz jotzen dute, bide askoz motzagoa eginez, eta besteek Atlantikoaren bestalderantz. Pentsatzen da banaketa bi kontinenteen arteko urruntzeak eragin duela. Duela milioika urte, askoz gertuago zeuden Europa eta Amerika. Orduan alde handirik ez zegoen batera edo bestera joan, baina Europa aukeratu zutenei urtero zentimetro batzuk luzatu zaie bidaia. Gaur egun 5.000 kilometroko zeharkaldia egiten dute. Hain bidaia luzea egiten duen aingira espezie bakarra da europarra, besteek (amerikarra, japoniarra…) kostaldetik nahikoa gertu erruten baitituzte arrautzak.

Itsasoan ere bizi daitezke

Angularen joera erreka bilatzea bada ere, Baltikoan aurkitu dituzte bizitza ziklo osoa itsasoan osatu duten aingirak. Buruko hezurtxo batzuk aztertu dituzte (otolitoak). Arrainaren edadea neurtzeko erabili ohi izan dira, arbolek bezala, hezur hauek ere eraztunak sortzen dituztelako bizitako urte bakoitzeko. Bada, otolitoetan kaltzioa agertuz gero, arraina errekako ur gezan ibili den seinale. Estrontzioa bakarrik agertzen bada, orduan itsasoko arraina. Aingira haietan estrontzioa bakarrik aurkitu zuten.

Atzera egin dezake itxuraldaketan

Aingira heldutasunera iritsi eta bidaiatzeko prest dagoenean aingira zilarkara bihurtzen da. Jateko gaitasuna galtzen du eta begiak atrofiatu egiten zaizkio, besteak beste. Bada, bideari ekin eta errekan behera gainditu ezineko oztopo bat aurkitzen badu (adibidez, urtegi bat), aingira gai da bere zikloan atzera egin eta berriro aingira bihurtzeko. Zilar kolorea galduko du, jateko gaitasuna berreskuratu, begiak sendotu... Hurrengo urtean berriro itxuraldatuko da, bideari ekiteko.

Ar edo eme, dentsitatearen arabera

Angulak sexua definitu gabe izaten du. Aingira bihurtzean erabakitzen da ar edo eme. Angula asko dagoen lekuan, arrak izango dira gehienak. Gutxi dauden tokian, berriz, emeak. Errekan gora joan ahala, ale gutxiago daudenez, emeak agertzen dira, batik bat. Naturaren legea da: espeziearen iraupena ziurtatzeko garrantzitsuagoak dira emeak. Arriskua: ur jauzi, urtegi eta bestelako lanekin erabat oztopatu zaie errekan gorako bidea, eta ale gehienak itsasadarretan pilatzen dira; ondorioa: ar asko eta eme gutxi. Naturaren oreka hautsi egiten da.

Lehorrean arnas hartzeko gaitasuna

Aingirak badu lehorretik ibiltzeko eta oztopoak erreka bazterretik gainditzeko gaitasuna. Sugeen modura, horman gora igotzeko abilezia dute. Muki sendo baten inguratzen die azala eta itsasteko ahalmena ematen die. Gainera, brankietatik arnas hartzeaz gain, uretatik kanpo daudenean azalaren bidez arnas hartzeko gai dira.