Urolak gainezka egin du Oikiako erriberetan

Baleike 2013ko urt. 15a, 21:00

Arratsaldeko lehen orduan, ordu biak aldera, argi gorriak piztu dira Oikiako erriberetan. Urolaren mailak gora egin du nabarmen eta urak ibai ertzeko soroak hartu ditu bere menpe. Itsasgorarako ordu asko falta zirela ikusirik, okerrena zetorkiela pentsatu dute Torrontegi baserrian. Ura etxe atariraino iritsi zaie, baina, zorionez, ez da iazko hondamendirik gertatu. Estazio aldean, urak berriro gainezka egin du Txepetxa elkartearen inguruan. Eguraldi iragarpenaren arabera, bihar arratsaldera arte ez du atertuko. Ujalen arriskuak jarraitzen du, beraz.

Bideoa: 2011ko azaroko ujalak

Eguraldi iragarpena

 

Goizeko itsasgorarekin Ardantzabiden sortu den putzua izan da eguneko lehen irudia. Trafikoa moztu egin behar izan dute udaltzainek, eta San Telmo kaletik desbideratu. Txepetxa aldean ere arazoak izan dituzte goizaldetik, ura agertu baita mareak gora egin ahala. Su-hiltzaileen laguntza behar izan dute ura ateratzeko. Eguerdi parterako berriro azaldu da eta elkarteko sotoan sartu da; zorionez, ez du aparteko kalterik eragin. Ponpa batzuk jarri dituzte lanean hurrengo orduetan urak berriro gora egin dezan. Otezuri zentroan ere izan dute su-hiltzaileen premia, sotoan ura agertzen hasi zaielako, baina ez du larrialdirik eragin. Bestalde, kostako errepidea moztuta egon da egun osoan, harri jausiak direla eta.

Oikiako erriberak

Euriteak dauden bakoitzean Urola ibaia ate joka izaten dute Oikiako erriberetan dauden baserriek. Nahi baino sarriago hartzen ditu urak Kondekoa eta Torrontegi inguruak, eta, 2011koa gogoan, gaur ere kalteak eragingo zizkien beldur ziren. "Goizaldean egin du aurrena gainezka, baina gehiegi ere ez, etxe aurreko soroak hartzeko lain. Hori bai, Artaditik behera sekulako erreka zetorren. Gu arratsaldeko itsasgoraren zain geunden, baina bazkalondoren izan da estualdia, ordu bietatik aurrera; oso azkar egin du gora eta etxeraino zetorrela pentsatu dugu", azaldu digute Torrontegiko Rafael Manzisidorrek eta Mila Mendizabalek. Urola ibaian kilometro batzuk gorago dago gertatutakoaren esplikazioa: Nuarbeko Ibai-Eder urtegian ura askatu behar izan dute, bere ahalmenetik gora zegoelako. Ur asko askatu dute, gainera. "Iparragirre baserrikoak etorri dira traktoreekin, hemen bazterrean gordetzen dituzten belar bolak ateratzera. Uretan sartu behar izan dute, baina, zorionez, lortu dute bolak salbatzea; 50 bat izango ziren". Iaz ez zien astirik eman eta ibaian behera ekarri zituen errioak dozenaka belar bola.

Itsasgoraren beldur ziren arren, uraren mailak ez du gorago egin. "Orain lasaiago gaude. Jaso beharrekoak jaso ditugu. Gauean tarteka jaiki beharko gara begiratzera, baina besterik ezin dugu egin". Bestalde, oraingoan Narruondo auzoan ez dute arazorik izan.