Mugi zerbitzua etetea erabaki du Udalak

Baleike 2012ko abe. 23a, 08:47

Bizikletak maileguan uzteko Mugi zerbitzua bertan behera utziko du Udalak urtea amaitzearekin batera. Datorren urtean lehiaketa deituko du zerbitzua kudeatzeko, zerbitzuaren kostua merketzeko helburuarekin. Lehiaketara inor agertuko ez balitz, orduan behin betirako kenduko lukete Mugi zerbitzua. "Zerbitzu interesgarria da baina ez lehentasunezkoa, are gutxiago krisi garai hauetan", adierazi du Ingurumen zinegotzi Aitor Leizak.

Inkesta: Ados al zaude erabakiarekin?

Mugikortasunaren aldeko apustua egin du Udalak azken urteotan, bereziki bizikletaren erabilera sustatuz. Bidegorri sarea osatzearekin batera, bizikleten Mugi zerbitzua izan da politika horren ikur. 2009ko ekainean jarri zen indarrean, Energiaren Euskal Erakundeak emandako laguntzarekin (kostuaren %40 lehen urtean). Orduan Udalak emandako datuen arabera, 95.000 euroko kostua zuen Mugik: 60.000 euro zerbitzuak eta beste 35.000 bizikleten eta azpiegituraren alokairuak.

2010ean beste urrats bat egin eta zerbitzuko azpiegitura erostea erabaki zuen Udalak, Espainiako Gobernuak horretarako eskuragarri jarri zuen diru-laguntza baliatuta. Zerbitzua indartzeko ahalegina egin zuen Udalak (bizikleta eta geltoki gehiago), zerbitzuaren kostua jaistea ere lortu zuen lehiaketa bidez (40.000 euro gaur egun), eta erabiltzaile kopuruak ere gora egin zuen (750 erabiltzaile 2010ean).

Baina gazitik ere izan du zerbitzuak: erabiltzaileen kexak bizikleta faltagatik, eta, batez ere, bizikletetan eta azpiegituran eragindako txikizioak. "Herritarrek, orohar, ondo erantzun dute, baina egia da erabilera oker asko egon direla", azaldu du Aitor Leizak. Horrela, 2011ko udan gertatu ziren txikizioen ondotik, Mugi zerbitzua erabiltzeko araudia gogortzea erabaki zuen Udalak. Neurriekin txikizioen arazoa konpondu da, baina badirudi erabilera datuek ere ez direla 2010ekoak: 3.000 euro baino ez dira bildu erabiltzaileek ordaindutako kuotetatik. "Zerbitzu interesgarria da, baina ez lehentasunezkoa, are gutxiago krisi garai hauetan. Kostuak murrizteko beste formula bat aurkitu behar dugu zerbitzuarekin jarraitu ahal izateko".

2013ko lehen hiruhilekoan deituko du Udalak zerbitzua kudeatzeko lehiaketa, baldintza berriekin. Hautagairik ez bada aurkezten zerbitzua behin betirako eten eta azpiegitura desmuntatuko dute.