Oier Araolaza: "Umetan gure aitona-amonek Halloween ospatzen zuten"

Baleike 2012ko abe. 19a, 10:43

Gaur iluntzean Oier Araolaza (Elgoibar, 1972) antropologo eta dantzariak neguko euskal festak izango ditu hizpide 19:00etatik aurrera Alondegian: Halloween, Olentzero, joaldunakā€¦ Nora doaz neguko festak? Urola Kostako Hitzan elkarrizketa egin diote Oier Araolazari. Hemen pasarte batzuk:

Neguko festak garrantzitsuak al dira euskal kulturan?

Euskal Herriko eta, oro har, Europako kultura tradizionalari begiratzen badiogu, konturatuko gara bi aro nagusitan bereizten dela urtea: negua eta uda. Festa zikloak ere horiei oso lotuta daude. Neguko festak, esaterako, Domu Santue Egunarekin hasten dira, Inauteriak arte. Herritarrok, ordea, jai horiek ez ditugu ziklo bereko festak bezala identifikatzen; bakoitza bere horretan bakarra eta gainontzekoenganik desberdina balitz bezala ulertzen dugu. Kuestazioa edo eskea da neguko festen ezaugarri nagusietako bat; nahiz eta mozorroa aldatu, Halloween edo Arimen Gauak, San Martinek, San Tomasek, Olentzeroren eskeak, Santa Agedak eta Inauteriek, denek eskea dute oinarrian.

[...]

Halloween atzerriko festa dela uste dugu gaur egun, baina zuk Euskal Herrian betidanik ospatu den festa dela diozu.

Gure kulturaren tragedia bat da hori; gure kultura, historia eta tradizioak ez ezagutzea eta kanpotik datozenak kopiatzea. Gurea izan den festa alde batera utzi genuen, eta hurrengo belaunaldiak Halloween estatubatuarra delakoan gurea egiten ari da. Jakingo bagenu gure aiton-amonek Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzen zutela, agian ez genuen Halloween ospatuko. Bitxia da, euskaldunok uste baitugu geure historia, tradizioak eta mitoak ezagutzen ditugula, baina gainontzeko herriak bezain ezjakinak gara geure herriaren historiari dagokionean; Haloween ezjakintasun horren adibide polita da.

[...]

Egun gutxi barru Gabonak dira. Azken urtetan Gabonak ospatzeko modua aldatu egin dela uste al duzu?

Gure gurasoek eta aitona-amonek argi azal dezakete eraldaketa. Olentzero bera ez zen Euskal Herri osoan ezagutzen zen pertsonaia. Lesaka, Oihartzun eta Zarautz aldean ezagutzen zen pertsonaia arlote bat zen Olentzero, Eguberri inguruan eskean jarduteko koadrilek erabiltzen zuten papina, alegia. Olentzero Euskal Herrian sustraitzearen arduraduna Ikastolen Elkartea izan zen. Izan ere, argi ikusi zuten espainiartzat jotzen ziren Errege Magoen aurrean euskal pertsonaia bat izatea komeni zela. Olentzero pertsonaia sortu zuten orduan, berezko eredua aldatuta. Olentzero eskerako edo kuestaziorako laguntzailea izatetik, opariak ekartzera pasa zen horrela. Gauza bera gertatu zen beste herrialdeetan Santa Claus edo Papa Noelekin. Aldaketa horiek batzuetan nahi gabe gertatzen dira, eta beste batzuetan, berriz, nahita.