Antxon Gonzalez, betirako bidean

Baleike 2012ko abe. 14a, 14:50

Donejakue bidean bizitako esperientziak liburu batean kontatzea zen Antxon Gonzalezen ametsa. Heriotzara eraman duen gaixotasunarekin borrokan, El gran caminante utzi digu idatzita. Bizitzari buruzko ikasgai zoragarria. Larunbatean aurkeztu zuten liburua Antxonen senide eta lagunek, ekitaldi jendetsu eta hunkigarrian. Lehen edizioko 400 aleak han bertan agortu ziren, baina ostegunerako argitaratuko dituzte liburu gehiago. Turismo bulegoan, Alondegian, Itzurun tabernan eta www.elgrancaminante.com webgunean egongo dira salgai.  Abenduko Baleike aldizkarian erreportaje zabala eskaini diogu. Aurrerapen modura, hemen dauzkazue Mikel Lizasok lagunari eta haren liburuari idatzitako lerroak eta liburuko pasarte bat. Aldizkaria ohiko salmenta lekuetan eskura dezakezu.

El gran caminante liburuko pasarte bat

[/caption]

Brontzezko kanpai bat

Adiskide bat bazen, orotan bihozbera, sentimenduzko kontakizunek antzaldatu egin zutena. Garai bateko benetako bidaiariak egin zuen bezala, 2008ko martxoaren 14an bere etxetik irten zen, motxila handia sorbaldan eta Konpostelako Santiagora oinez iritsi bitartean bere buruari amore ez emateko agindua betetzeko asmoz. Inork ezin zezakeen aurreikusi, ezta berak ere, asmo hark ondoren utzi duen arrastoa.

Abentura hartan, Urolako trenaren bihurgune eta bide basatiak gozatu zituen, Deba Garaiko mendien malda motz bezain amaigabeetan zaildu zen; erregeen buruak ere makurrarazten zituen San Adriango tunela tinko zeharkatu zuen; oin odolduen 30.000 urratsen kalbarioaren froga pasa zuen Arabako Lautadetan; Errioxako mahastien labirintoen enigma amaigabean erotu gabe onik irtetea lortu zuen; bere bidaiaren amaiera behin eta berriro iragartzen zion mediku forentseari partida irabazi zion, adorearen adorez, maukapean gordetako karta tranpatirik gabe; lestrigoiak, ziklopeak eta Poseidonen haserreak, denak uxatu zituen Gaztelako lautada amaigabeetan; toki sakratuen merkatariei sosak ukatu zizkien, bere bideari argi gehiago ematen zion edozein koittaduri emateko; haizerik indartsuenekin jostatu zen eta itsasoari zain egonarazi zion; burugogorkeria burugugortasun bihurtu zuen; Galizako baso keltikoez eta gurman ezkutatutako pallozez maitemindua zegoela baieztatu zuen, berriro ere; zuhaitzekin hitz egin zuen, oreinek euren sekretuak kontatu zizkioten, txorien abestiak adi entzun zituen, eta bere barneko ahotsak hitz egin zion; existitzen ez den fede baten artalde jendetsuaren ilaratik irten zen –egia esateko, ez zen sekula sartu–; gidatua izatetik gidari izatera pasa zen; eta Santiagon, bere Itacan, bi amets bete zituen, eta beste dimentsioetako amets bati ekin zion.

Bidaia hartatik bueltan, jadanik lagun hura ez zen pertsona bera izan. Besteak beste, esperientzia hark idazle bihurtu zuen eta oraindik ezezaguna zuen patuari aurre egiteko prest jarri zuen. Denoi lehenago edo geroago iristen zaigun patu hori.

Antxon Gonzálezen El Gran Caminante maisulana zure eskuetan erortzen bada, errepara ezaiozu ongi, hel ezaiozu tentuz bere edukiari, magia baitu. Bere sorginkeriak eragiten badizu, ez dizu utziko liburua ixten. Orri bat irakurri nahiko duzu eta gero beste bat, eta gero kapitulu bat eta gero beste bat. Lerro batek negarra eragingo dizu eta hurrengoak irribarrea. Soluzioak zeinen sinpleak diren konturatu baino lehen, bizitzak duen misterioaz hausnartzen korapilatuta topatuko duzu zeure burua, gizaseme bat ezagutuko duzu gordin-gordinean bere buruaren peskizan eta seguru aldi berean zu zeu topatuko duzula nonahi, ordura arte zeure buruaz ez zenekin zerbait berria aurkitzeraino. Behar duzun osagai bakarra sentiberatasun pixka bat da, eta bizitzaren aurrean galderak egitea.

El Gran Caminantek badu dohain berezi bat: egiazkoa da, hezur-haragizkoa, eransgarri eta kontserbanterik gabekoa. Bihotzetik idatzita dago, soiltasunez, jadanik galtzeko eta irabaztekorik ez duen gizaseme baten testigantza betirako hortxe utziaz. Ospearen esperotan ez dagoenaren errelatua da eta hori da bere bermerik handiena.

Bagenekien lagun bat genuela ondoan, bagenekien pertsona ona genuela inguruan, bagenekien bilaketan zebilela, bagenekien bideak egitea atsegin genuela, baina ez genekien Kixote eta Sancho Panzaren papera aldi berean antzezteko gai zenik, ezta Frodo eta Gandalfena ere; ez genekien Herman Hessen Siddarthak anaia bizki bat zuela Zumaian; ez genekien bere inguruak Zolaren tamainako ñabardurekin aztertzeko gai zenik; ez genekien Coen anaiek euren film batean sartuko lituzketen gertaera surrealistak bizi izan zituela... Orain badakigu, eta orain bere hurbilen gaudenok sugar hori beti piztuta mantentzeko obligazioa dugu, gure jokabideekin ez bada ere, bai, behintzat, gure gogo eta oroimenarekin.

Ohikoa izan ohi denez, kanpoko norbaitek konturatu behar izan zuen aurrean genuen harribitxiaz. Lerro hauek balio dezatela José Antonio de la Rierari esker ona agertzeko, berak emandako hauspoaren bitartez Antxonek liburu hau idazteko behar zuen adorea aurkitu baitzuen. Eta batez ere mila esker zuri, Antxon, horren denbora gutxian horren ikaspen sakonak uzteagatik. Jadanik nik ere aurkitu dut nire brontzezko kanpai miragarria, munduko baliorik handiena duena, besteon iritzi eta oniritzien zain egon gabe: liburu bat da eta El gran caminante deitzen da.

Mikel Lizaso