Karakas baserriak irabazi du Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 20a, 09:00
Karakas Baserriko Joxe Mari Aramendi txapela jarrita Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa irabazi ondoren. (Tolosako Udala)

25 ekoizlek hartu dute parte orotara eta Joxe Mari Aramendi zumaiarrak aurkeztutako babarrunak izan dira onenak. Bigarrenez gailendu da, eta sariak "jarraitzeko indarra" ematen duela aitortu du. Hirugarren saria Zestoako Bengoetxe baserrikoek jaso dute.

Zumaian ekoitzia da aurtengo Tolosako Babarrun onena. Joxe Mari Aramendik Karakas baserrian ekoitzia, hain zuzen ere. Hala ebatzi zuen joan den larunbatean Tolosako Babarrunaren Ekoizleen 28. Lehiaketako epaimahaiak. Tolosako (Gipuzkoa) Babarrunaren Festa barruan antolatu zuten lehiaketa eta 25 izan ziren parte hartzaileak guztira.

Nolanahi ere, honakoa ez da Aramendik lehiketa irabazi duen lehenengo aldia. 2013an ere gailendu zen eta podiumeko bigarren eta hirugarren postuak bete izan ditu beste hainbat ediziotan. Dena den, aurtengoak ezustean harrapatu duela aitortu du Karakas baserrikoak eta sariak "jarraitzeko indarra" eman diola adierazi du. Aramendiren atzetik Ibarrako Etxezarreta baserriko Koldobike Artola eta Zestoako Bengoetxe baserriko Bernabe Zumeta sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.