Kaleko nekazarien "mediku"

Ane Olaizola 2023ko eka. 9a, 15:00
Hainbat herritar, joan den apirilean, Kutxa Ekoguneko Baratze Parkean, Donostian. (Nagore Llorens / Info3)

Furgobaratzak Gipuzkoako hogei baratze parketan eskaintzen du aholkularitza zerbitzua. Gipuzkoako Hitzarako egindako erreportajea da honako hau.

Azken hamarkadan ugaritu egin dira baratze publikoak, eta, horiekin batera, erabiltzaileak. Gero eta gehiago dira lurra lantzeko sail publikoak ustiatzen dituztenak, eta, horrenbestez, norberaren kontsumorako nekazari bihurtu diren kaleko herritarrak. Profil horretarako herritarrek izan ditzaketen beharrei erantzuteko asmoz, Kutxa Ekoguneak eta Azpeitiko Kimu Bat etxeak abian dute Furgobaratza doako zerbitzua.

Ekoguneak eta Kimu Bat enpresak duela zortzi urte jarri zuten martxan Furgobaratza proiektua, elkarlanean, Gipuzkoako Baratze Parkeen Sarean txertatuta dauden baratze ekologikoetako erabiltzaileei aholkularitza zerbitzua eskaintzeko asmoz. "Baratze parkeetan aritzen diren herritarrek, normalean, ezer gutxi jakiten dute baratzeen inguruan, eta gure funtzioa da horiei laguntza eskaintzea", esan du Aitziber Otegik. Kimu Bateko kide hura da furgonetan tokian tokira joan eta herritarrei laguntza eskaintzen dieten arduradunetako bat. Izan ere, erabiltzaileek lekuan bertan jasotzen dute aholkularitza zerbitzua: "Baratzeetako kideek galderak egiten dizkigute, eta, behar izanez gero, haien baratzeetara joaten gara, zuzenean ikus dezagun zer arazo duten edo zer landatu dezaketen".

Furgobaratzak Gipuzkoako hogei baratze publikotan eskaintzen du zerbitzua, eta hango erabiltzaileek hilero jasotzen dute zerbitzu ibiltariaren bisita, parke txikietan eta abuztuan izan ezik. Otegiren arabera, "harrera oso ona" du egitasmoak, besteak beste, baratze publikoen ustiapena txandakatuz joaten delako, eta, beraz, beti egoten direlako "zalantzak" dituzten erabiltzaileak. Udaberriaren hondarrean, bete-beteak dira baratzeak; sasoi betean dira orain, eta tomateak dira hango protagonista, baita askoren buruhauste ere: "Landare delikatua da tomatea, eta horiek nola zaindu azaltzen diegu erabiltzaileei". Baratzeen oinarrizko ezagutzak ematea ere badagokie sustatzaileei: "Ondo aitzurtzeak duen garrantzia azpimarratzen dugu. Izan ere, askok baratzeei ur gehiegi botatzen diete, baina ahaztu egiten dira aitzurtzeaz, eta hori da garrantzitsuena".

Jarraitu artikulua irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Egutegia

Gaixotasunak eta izurriak tailerra egingo dute ekainean Furgobaratzaren barruan:

Ekainak 12, astelehena.
Tolosan (18:00-19:30) eta Zestoan (18:00-20:00).

Ekainak 13, asteartea.
Ordizian (18:00-19:30).

Ekainak 14, asteazkena.
Hernanin (18:00-19:30).

Ekainak 15, osteguna.
Urnietan (18:00-19:30).

Ekainak 19, astelehena.
Zumaian (18:00-19:30).

Ekainak 20, asteartea.
Beasainen (18:00-19:30).

Ekainak 21, asteazkena.
Errenterian (18:00-19:30).

Ekainak 22, osteguna.
Lezon (18:00-19:30) eta Olaberrian (18:00-19:00).

Ekainak 26, astelehena.
Azkoitian (18:00-19:30).

Ekainak 27, asteartea.
Legorretan (18:00-19:30).

Ekainak 28, asteazkena.
Donostiako Ekogunean (18:00-19:30).

Ekainak 29, osteguna.
Usurbilen (18:00-19:30).