Europako geoparkeen astea ospatuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak ostiraletik aurrera

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 15a, 09:48
Maiatzaren 19tik aurrera egingo dira ekintza hauek. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Egitarau berezia prestatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak Europako geoparkeen astea ospatzeko. Maiatzaren 19tik 28ra bitartean izango dira ekitaldiak Deban, Mutrikun eta Zumaian, baita Zestoan ere. 

Europako geoparkeen astea dela-eta, ekitaldi ugariz osatutako programazioa prestatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Ekintza hauek aldi berean egingo dira Europan dauden 94 geoparkeetan. "Tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburua baitu ekimen sortak", azaldu dute Euskal Kostaldeko Geoparkeko kideek.

Ekintzak datorren ostiralean hasiko dira, hilaren 19an, eta Deban, Mutrikun eta Zumaian egiteaz gain, aurten estreinakoz Zestoan ere egingo dira. Guztira egingo diren hamar ekintzak doakoak izango dira. 

Egitarauarekin hasteko, maiatzaren 19an, ostirala, 19:00etatik aurrera, Geotalks saioa egingo da Aita Mari aretoan, Artearen sustraiak lelopean. La cueva Cosquer: Una obra maestra en prestamo film dokumentala proiektatuko da (frantsesez, gaztelaniazko azpitituluekin), Zumaiako Aita Mari Antzokian. Ondoren, hitzaldi marraztua izango da: Diego Garate arkeologoak (Kantabriako Unibertsitatea) hitzaldia emango du Aritz Pereda ilustratzaileak aldi berean marrazkiak egiten dituen bitartean. Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok egingo ditu solasaldiaren dinamizatzaile lanak. Sarrera doakoa izango da denentzat, edukiera bete arte.

Egun bat geroago, larunbatean, maiatzaren 20an, Sastarrain errekara irteera egingo da. Euskal Herriko Unibertsitateko erreketako ekologia departamentuko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika saileko ikerlariak lagunduta erreketako biodibertsitatea aztertuko dute. Goizeko 09:15ean hasiko da bisita, Zestoako Lauiturrietako garbitokian elkartuta. Geoparkeko ingurumen arduradun Gonzalo Torrek aurkeztuko du egingo den landa-irteera eta, ondoren, Aitor Larrañaga eta Ioar de Guzman (UPV/EHU), eta Anaïs Mitxelena (Aranzadi Zientzia Elkartea) adituekin abiatuko da taldea Sastarrain errekara, bertako ekologia ezagutzera eta laginak hartzera. Ondoren, bildutako laginak Ekainberrin aztertzeko aukera izango da, proiektore baten bitartez.

Zestoara iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie parte-hartzaileei. Guztira, 30 lagunek parte har dezakete ekimenean, 15 pertsonako bi taldetan banatuta.  Aurrez izena ematea beharrezkoa da formulario honetan edo Debako turismo bulegoan (943-19 24 52). 

Egun berean, larunbatean, Zazpi Hondartza, zazpi bertso bisita egingo da Mutrikun, Geoparkeak eta Mutrikuko Bertso Eskolak antolatuta. Nautilus, flyscheko fosilak izeneko bisitaren aldaera artistikoagoa izango den hau Mutrikuko Nautilus Museoan hasiko da, 16:30ean. Museoa bisitatu ondoren, portura jaitsi, itsasontzia hartu eta Zazpi Hondartzak itsasotik ezagutuko dituzte parte hartzaileek. Bisita osoa euskaraz egingo da eta bertsoz girotuta egongo da, Mutrikuko Bertso Eskolako kideek bat-bateko lanekin aberastuko dituzte-eta bisitaren zati guztiak. 

Bisitak bi ordu iraungo ditu. Guztira, 39 lagunek parte hartu ahalko dute ekimenean eta aurrez izena ematea beharrezkoa izango da bai formulario honen bidez baita Mutrikuko turismo bulegoarekin harremanetan jarrita ere (943-60 33 78). 

Flyscharen ezaugarriak haurrei erakutsi nahian, igandean, hilaren 21ean, Flyscha umeentzat itsasontziz bisita gidatu berezia egingo da, 12:30ean. 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ordubeteko bisita izango da eta euskaraz egingo da. Itsasontziz joan-etorria egingo da, Deba-Zumaia biotopo babestuan barrena. Ez da ordaindu beharko baina aurrez erreserba egitea derrigorrezkoa izango da, formulario honen bidez eta Zumaiako turismo bulegoan (943-14 33 96).

Beste bost ekintza hurrengo asteburuan

Hurrengo asteburuan ere izango dira ekintza gehiago. Hasteko, maiatzaren 26an, ostiralez, Geoparkeak antolatutako marrazki lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da Debako udaletxeko arkupeetan, 18:00etan. Labar-artea goiburupean, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako Lehen Hezkuntzako 6 eta 12 urte bitarteko ehunka ikaslek parte hartu dute lehiaketan. Ekitaldiaren ondoren, Ekain Abentura tailerraz gozatzeko aukera izango dute, 18:30etik 19:30era: historiaurreko gizakiek sua nola egiten zuten ikasteaz gain, haiek bezala margotzeko modu desberdinak esperimentatuko dituzte. 

Hurrengo asteburuan, larunbatean zein igandean, ate irekien jardunaldia izango dute Mutrikuko Nautilus museoan. Larunbatean goizez eta arratsaldez (11:30etik 14:30era eta 17:30etik 19:30era) izango da museoa zabalik; Igandean, aldiz, goizez bakarrik: 11:30etik 14:30era.

Geoparkeen astearen barruan antolatutako ekitaldi nagusienetakoa hilaren 27an egingo da Deban: Historiaurreko Bailararen (HAB) ibilbidean bisita gidatu interpretatua, alegia. Debako Anes Arrinda pasealekuan 09:45ean elkartuta, Sasiolako begiratokira joan-etorriko ibilbidea egingo dute. Parte hartzaileek hainbat adituren hitzak entzuteko aukera izango dute. Hala nola, Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver arkeologoarenak, UPV/EHUko Asier Gomez paleontologoarenak eta Jose Antonio Mujika arkeologoarenak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariorenak.

Maiatzaren 28an, Europako geoparkeen astea bukatzeko, Zumaia-Deba (10:30, gaztelaniaz) eta Deba-Zumaia (11:30, euskaraz) bisita gidatuak egingo dira. Itsasontziz egiten diren ordubeteko bisita gidatuak doakoak izango dira. Bisitan parte hartzeko geoparkea.eus webgunean aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da, #GPKastea kodea erabilita. 

Ekintza hauekin batera, maiatzaren 19tik 21era bitartean Geoquedada izenez ezagutzen den eologiaren dibulgatzaileen eta zaleen topaketa ere egingo da. Geologiaren Dibulgaziorako Batzordeak antolatutako topaketak Iberiar Penintsulako ondare geologikoa eta geoparkeen sarea ezagutaraztea eta zubilana egitea ditu xede. Izen-ematea ostirala 19ra arte egongo da zabalik, lotura honetan