GRI Castings lantegiaren itxiera saihesteko manifestazioa deitu dute Zumaian

Ane Olaizola 2023ko mar. 31a, 16:33
Gaurko elkarretaratzearen irudi bat. (LAB)

Gonvarri taldeko GRI Castings enpresako zuzendaritza eta Enpresa Batzordea bildu dira goizean, eta langileek enpresa ixteko prozesua geldi dezala eskatu diote zuzendaritzari, lantegiaren bideragarritasuna "posible" delako. Hurrengo astean, berriz, hainbat bilera egingo dituzte, hala nola Lan Inspekzioan eta Industria Sailean.

Gonvarri taldeko GRI Castings enpresak Zestoako Sansinenea industrialdeko lantegia itxi eta langile guztiak kaleratu nahi dituela eta, kontsulta aldiko beste bilera bat egin dute gaur, ostirala, GRI Castings enpresaren eta langileen ordezkariek. Enpresa ixteko prozesua geldi dezala eskatu diote horiek zuzendaritzari, lantegiaren bideragarritasuna "posible" delako eta lanpostuak manten ditzan. "Proposamen bat egiten zigutela sinestarazi nahi izan diguten arren, ia ezerezaren truke espedientea sinatzea izango litzateke beraien 'proposamena' deiturikoa onartzea", esan du Enpresa Batzordeak. 

Bileraren ondoren, Arroako autobide sarreraren ondoko biribilgunean elkarretaratzea egin dute langileek, eta iragarri dute manifestazioa egingo dutela apirilaren 14an, ostiralez, Zumaian. 19:00etan hasiko da mobilizazioa, GRI ez itxi! lelopean.

Bestalde, hainbat bilera egingo dituzte datorren astean, Enpresa Batzordeak jakinarazi duenez. Astelehenean, Lan Inspekzioan dute bilera, eta han "garbi" adieraziko dute enpresaren "kudeaketa txakarragatik" dagoela hura egungo egoeran. Asteartean, berriz, Zestoako Udalarekin bilduko dira, egoeraren berri eman eta haren "babesa" jasotzeko asmoz. Hurrengo egunean, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailarekin elkartuko dira, Bilbon. "Bertan, lanpostuen alde posizionatzeko eskatzeaz gain, Gonvarri taldea presionatzeko exijituko diogu lantegi hau irekita mantentzeko bere baliabide guztiak martxan jar ditzan".