Turismo jasangarriaren estrategiarako konpromiso-gutuna sinatu du Urola Kostako Udal Elkarteak Fiturren

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 21a, 08:02
Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten herrietako ordezkariak, atzo Fitur azokan. (UKUE)

Udal elkarteko ordezkariak nazioarteko turismo azokan izan dira, eta Biosphere zigilua eskuratzeaz gain, Elkanoren talaia: itsas-zeharkaldiak egitasmoa aurkeztu dute bertan.

Beste urte batez, Fiturren izan dira UKUE Urola Kostako Udal Elkarteko ordezkariak. Nazioarteko turismo azoka da hori, Madrilen egiten dena, eta bertan egotea garrantzitsua izan ohi da udal elkartea osatzen duten bost herrientzat: Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiarentzat, hain zuzen.

Atzo, osteguna, izan ziren ordezkariak azokan, bi xede nagusirekin: Elkanoren talaia: itsas zeharkaldiak egitasmoa aurkezteko batetik, eta bestetik, Biosphere zigilua izenpetzeko. "Biosphere Certified Destination iraunkortasuna neurtzeko sistema bat da, eta helburu du etengabeko hobekuntzarako tresna izatea, modu horretara, turismo helmuga, enpresa edota zerbitzuen apustu eta konpromiso hori aitortzeko", azaldu dute UKUEko arduradunek.

Zehazki esateko, Biosphere zigiluaren bitartez, turismo jasangarriaren estrategiarako konpromiso gutuna sinatu du udal elkarteak. "Guretzat estrategikoa da komunitate horren parte izatea, eta helburu jasangarriak lortzeko bidea jorratzen jarraituko du udal elkarteak, GJHen GJH Garapen Iraunkorreko Helburuen eta euskararen ikuspegitik", azpimarratu du Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak.

Jasangarritasuna hiru arlotan lantzen dutela azaldu du Salsamendik, eta baita bost herriak elkarrekin ari direla ere lanean: "Turismoaren garapena modu jasangarrian ulertzen dugu gizarte edo eremu sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan. Apustu hori, gainera, bost udalerriek egiten duten apustu bateratua da, eta, horregatik, elkarrekin lan egin dugu, norabide eta helburu berarekin: jasangarritasunean oinarritutako turismo estrategia duen eskualde bat eraikitzea".

Elkanoren talaia: itsas-zeharkaldiak egitasmoa

Azokara proposamen turistiko zehaztza ere eraman du UKUEk: Elkanoren talaia: itsas-zeharkaldiak egitasmoa, hain zuzen. Begi Bistan ekoturismo enpresarekin batera garatutako proiektua da, eta helburuak dira Elkanoren ondarea ezagutaraztea eta Urola Kostako itsas ondarea sustatzea.

Bi urtez jarraian eskaini dizkiete ibilaldi gidatuak herritarrei zein bisitariei, uztailean eta abuztuan, eta egitasmoak "harrera ezin hobea" jaso duela esan du UKUEk. "Elkanoren Talaiak, Elkanoren irudia eta itsas ondarea ardatz hartuta, Urola Kostako ingurunea, kultura, historia eta natura balioan jartzen ditu", gaineratu du udal elkarteak.

Ibilaldiak Zumaiatik abiatzen dira, Getarian edo Orion geldialdiak eginez. Gainera, itsas-zeharkaldi bakoitzean, eskualdeko bost herriak itsasontziz zeharkatzen dituzte. Ibilbideak 45 minutu irauten du, eta ibilbide zirkular osoa edo etapa bat edo gehiago egiteko aukera dago.