Ezpalak taldeko gitarra jotzailea

Eñaut Gaztañaga: "Zuzenekoen antza duen diskoa bilatu nahi izan dugu"

Andoni Elduaien 2023ko urt. 24a, 08:38
Ezpalak taldeko laukotea; Gaztañaga, eskuinean. (Argazkiak: Alain Martinez/Holyfirestudio)

Ezpalak taldeko gitarra jotzailea da Eñaut Gaztañaga (Zestoa, 1984). Hortz aina hots diskoa kaleratu zuten iazko urtea amaitu aurretik, Ezpalak taldearen hirugarren lan luzea. Zestoarrak nabarmendu du Kolpatuz topatu bigarren lanaren "eboluzio naturala" dela azken diskoa.

Hortz aina hots zuen hirugarren lana kaleratu zenuten iazko urtearen amaieran. Zer bildu duzue azken lanean?

Kolpatu topatu diskoaren eboluzio naturala da Hortz aina hots. Hirugarren disko baten transmititzeko gogoa genuen bigarren diskoaren biran jo ditugun kontzertuetan guk sentitu dugun energia guztia. Era berean, diskoa ere zuzenagoa izatea nahi genuen. Jendeak esaten digu lan gordinagoa dela edo punk britainiarraren ukitu handiagoa duela. Betiko Ezpalak badago diskoan, baina baita aipatutako eboluzio hori ere.

Ezpalak izeneko lehen diskoa kaleratu zenutenean, "sortzen" ari zinetela esan zenuten. Norabidea finkatuta al du taldeak?

Baietz esango nuke. Abestiak grabatuta zeuden Juanjo [Berasain, taldeko ahotsa] taldean sartu zenerako; nahiz eta gero berak ahotsa grabatu zuen, eginda zegoen guztia. Taldekide guztion gustuko irteera puntua aurkitu genuen gero, 90eko hamarkadako musika, Seattleko eraginak... Kontzertuak ematen hasi ginenean, abesti horiek indartsuak zirela ikusi genuen. Hain zuzen, taldearen alde makarra hori, energia hori gehiago gustatzen hasi zitzaigun. Kontzertuak ematen joan garen heinean, talde bezala ere ezagutzen joan gara. Guztion gustuak bat eginda iritsi gara gaur egiten dugun musika egitera, guztiok eroso sentitzen garen estilora.

"Guztion gustuak bat eginda iritsi gara gaur egiten dugun musika egitera"

Zer nabarmenduko zenuke musikalki zuen azken lanaz?

Diskoan post punk talde britainiarren eragina nabaria da, esaterako, Idles, Shame eta Fontaines DC taldeena. Dena den, asko entzuten dugu Ohsees eta Ty Segall talde amerikarren musika ere. Bi eragin handi horien arteko zerbait da Ezpalak, baina, noski, gero gure nortasun propioa erantsita. Zuzenekoen antza duen diskoa bilatu nahi izan dugu oraingoan, hala nola soinua, gordintasuna eta energia bortitzagoa; hori transmititu nahi genuen Hortz aina hots diskoan. Zaila da disko batean zuzeneko baten energia islatzea, baina azken diskoa taldea gaur denetik gertuago dago.

Izenburuak irakurrita, diskoko abestiak iritzi adierazleak direla esan daiteke. Letrak ere halakoak al dira?

Letretan ez dugu kontzeptu nagusi bat agertu nahi izan. Halere, badaude gauza berdintsuak abesti batzuetan. Pandemia baten ostean sortutako diskoa da, egoera berezi baten ondorengo diskoa, eta hori guztia islatzen da letretan. Ideia argi batzuk badaude, hala nola gizartearekiko deserosotasuna, zalantzak, galderak eta kritika soziala. Ez zait gehiegi gustatzen letrak azaltzea, polita baita pertsona bakoitzak horiek irakurtzea, bere egitea eta letren bidez bere istorio propioa eraikitzea. Abestiak zuzenagoak, kaineroagoak, motzagoak eta biziagoak dira, eta horregatik, gordinagoak ere bai.

Abestien arteko kohesioa aurkitu al duzue?

Bai, bi bloke daude diskoan. Batek, kritika gehiago egiten du, eta besteak, bizitzari buruzko galderak egiten ditu; pertsonalagoa da bigarren bloke hori. Hortz aina hots izenburuak guztia batzen du: hainbat aho, hainbat iritzi; hainbat pertsona, hainbat zarata. Bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak ideia nahiz iritzi desberdinak ditu.

2019an sortu zenuten taldea, eta igaro diren urte zailak igarota ere, sortzen jarraitzen duzue. Hiru urtean hiru lan kaleratu dituzue.

Horretara ohitu gara gaur egun. Azkar eman behar da jaten, eta sare sozialetan aktibo egon behar da. Bira bat amaitutakoan ez dago atseden hartzeko denbora asko; izan ere, azkar bizitzera ohitu gara, azkar kontsumitzera. Disko bat atera eta kasik segituan hil egiten da hura, entzuteko mila gauza daudelako edo denborarik ez dugulako; ez da lehen bezala. Disko bat erosi eta hari bueltak eta bueltak ematen zitzaizkion lehen, eta posible zen hasieran abesti bat ez gustatu arren, gerora hura gustukoa izatea. Egun zaila da hori, kontsumitzeko eragatik. Horregatik, aktiboago egotea eskatzen du egoerak.

Nekagarria izango da lan egiteko modu hori, ezta?

Neketsuagoa da, bai, baina zortea dugu, sortzeko orduan ez baitugu zailtasun handiegirik. Hein batean, horrek uzten digu lasterketa horretan denborak ondo markatuta izatea. 2019an kaleratu genuen lehen diskoa, baina aurrez lan bat egina genuen. Bigarren diskoa askoz ere beranduago atera genuen, etxean konfinatuta geundela sortu baigenuen. Kuriosoak izan dira urte hauek guztiak. Orain arte, denbora izan dugu konposatzeko, baina aurrerantzean ez dakit nola izango den. Ez dugu uste aurtengo Durangoko Azokarako Ezpalaken beste disko oso bat egongo denik. Gure ideia nagusia da kontzertuak jotzea. Diskoak sortzen joango gara, baina nahiago dugu zuzenekoetan jo eta jo ibiltzea. Diskoa apur bat erre dugula ikusten dugunean, orduan egokituko da disko berria egitea.

"Diskoak sortzen joango gara, baina nahiago dugu zuzenekoetan jo eta jo ibiltzea"

Kontzertuetan murgilduta dabil Ezpalak. Asko ari al zarete mugitzen?

Bai. Kolpatuz topatu diskoarekin kontzertu asko eman genituen; izan ere, kontuan hartu behar da guztia hasieran eserita eta maskarekin zela. Halere, guk zortea izan genuen kontzertuak eman ahal izan genituelako. Hortz aina hots diskoarekin flipatzen ari gara. Dei asko ari gara jasotzen, eta kontzertu asko ari gara ixten udarako. Diskoa kaleratu genuenetik ere eman ditugu hamabi bat aurkezpen kontzertu. Itxura oso ona du, egia esan, eta oso pozik gaude.

Birarik ba al duzue aurreikusita?

Bai, hasita dugu dagoeneko. Aurkezpen batzuk egin genituen hasieran Rodeo taldearekin batera; izan ere, bi taldeok ari ginen disko berria aurkezten. Bost hitzordu egin genituen elkarrekin, eta hilaren 27an ere Gernikako [Bizkaia] Iparragire aretoan batera arituko gara. Dena den, talde bakoitza bere kabuz ere ari da bira betetzen. Bira luzea izango dela aurreikusten dugu. Ea zortea dugun eta hurrengo lana egin aurretik 50 bat kontzertu ematen ditugun.

Zer nolako harrera izan du diskoak jendartean?

Ona, energia asko duten hiruzpalau abesti ditugu-eta zuzenekoetarako. Oso ondo ari dira funtzionatzen kantu horiek. Gainera, emanaldietara jende asko ari da etortzen, eta ikusi dugu taldearekiko interes bat sortu dela. Nahiz eta badakigun batzuetan ez dela erraza izaten, ikusi dugu jendea kontzertuetan sartzeko dagoela. Disko honekin jendea taldea ezagutzen ari da, eta pixkanaka konexio bat ari gara lortzen publikoarekin.