Joseba Sarrionandia eta Ines Osinagaren 'Katuen kontuak' saioa izango da ostiralean Arroa Behean

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 15a, 16:00
Idazlea Euskal Herrira itzuli denean hasi dira Osinaga eta Sarrionandia emanaldi hauekin.

Joseba Sarrionandiak Kuban idatzitako testu batzuei musika jarri zien Ines Osinagak. Katuen kontuak emanaldia 22:00etan izango da Arroa Beheko elizan. 

Katuen kontuak izeneko emanaldia izango da datorren ostiralean, hilaren 18an, Arroa Beheko elizan. Joseba Sarrionandiak Habanan idatzitako testu batzuei musika jarri zien Ines Osinagak. Itziar Garaluzeren irudiek jantziko dute Arroa Beheko saioa. 

Katuen kontuak emanaldiak musika eta literatura uztartzen ditu. Dozena bat kantuk osatzen dute saioa, eta abesti bakoitzak bere sarrera literarioa du. "Bidaia luzeko kantuak dira, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia", sortzaileen esanetan. Sarrionandiak orain hamar urte Habanan sortutako testuek Atlantikoa zeharkatu zuten eta Euskal Herrira heldu ziren eta Gose taldeko Ines Osinagak musika jarri zien. Lehenbizi, Gosariak izena jarri zioten proiektuari. Idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta zergatia azalduko ditu Osinagaren musikaz lagunduta.