Ehun lagun inguruk parte hartu dute Arroa Biran

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 6a, 17:30

Ezkaizto auzo elkarteak antolatuta, Arroa Bira egin dute gaur. 27 lagunek egin dute ibilbide luzea, eta 40 bat lagunek motza. Bizikletaz parte hartu dutenak, berriz, 30 bat pertsona izan dira.

Ezkaizto auzo elkarteak antolatuta, Arroa Bira egin dute gaur, igandea. Herritarrek oinez nahiz bizikletaz egin ahal izan dute ibilbidea, eta oinez egin nahi dutenek bi ibilbide izan dituzte aukeran: luzea eta motza. 27 lagunek egin dute ibilbide luzea, eta 40 bat lagunek motza. Bizikletaz parte hartu dutenak, berriz, 30 bat pertsona izan dira.

Ibilbide luzea hamalau kilometrokoa izan da, eta 09:00etan Arroa Beheko plazan elkartu dira parte hartzaileak. Txangoa bizikletaz egin dutenak ere ordu eta leku berean elkartu dira. Ibilbide laburra egin dutenek, berriz, 10:30ean ekin diote ibilaldiari, plazatik; 5,7 kilometroko bidea egin dute horiek.

Plazatik abiatuta, Mardu, Urain gaina, Olaberri, Arroa Goia, Ibañarrieta, San Lorente eta Agote igarota iritsi dira ibilbide luzea egiten duten mendizaleak bueltan Arroa Behera. Ibilbide laburra egiten dutenak, aldiz, Arroa Beheko plazatik igo dira San Lorentera, eta Agote igarota itzuli dira berriz ere auzora. Parte hartzaile guztiak San Lorenten elkartu dira, eta han hamaiketakoaz gozatu ahal izan dute.