64 koadroko hezkuntza proiektua

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 6a, 09:00

Pausoz pauso batzuk, espazio osoa zeharkatuz besteak. Hala mugitzen dira xakeko piezak taula gainean; erasora, baina baita defentsa lanak eginez ere. Kirola batzuentzat, mahai jokoa besteentzat, antzinatik datorren diziplina da xakea. Baina hori baino gehiago ere izan daiteke: hezkuntza proiektu oso bat ere abiatu daiteke peoi, alfil eta errege-erreginen dantzatik. Uztaileko BALEIKE aldizkarian argitaratutako erreportajea da hau.

Hala erakutsi dute amaitzear den ikasturtean Oikia auzoko eskolan. Eskolan emandako hezkidetza proiektu baten oinarria izan dute xakea ikasturte honetan zehar, eta ikastetxeko arduradunen esanetan, esperientzia aberasgarria izan da haurrentzako, baita eskolako ekosistema osatzen duten kide guztientzako ere. 

"Betidanik izan dut xakea gustuko", azaldu du Oikiako Eskolako zuzendari Itziar Garciarena Arrietak. "Matematikako irakaslea ere banaiz, eta orain dela urte batzuk ikasgai horretako klaseetan xakea txertatzeko saiakera egin nuen. Nahiz eta haurrei xakean aritzea gustatu zitzaien, ohartu nintzen horren atzean beste zerbaitek egon behar zuela. Orain dela pare bat urte xakean oinarritutako formakuntza eskaintza bat heldu zitzaigun. Irakasleei zuzenduta zegoen, eta Julian Perezen Siete colores del ajedrez educativo liburuan oinarritzen zen". Eskolan xakea lantzera bideratuta zegoen eskaintza zela gaineratu du zuzendariak. 

Nola sartu, baina, mahai joko bat eskola baten egunerokoan? Hori izan zuten erronka Oikiako Eskolan. "Hor sartu zen hezkidetza proiektua. Ikusi genuen xakeak harreman handia zuela hezkidetzarekin, eta Hezkuntza Sailari proiektu hori ematea eskatu genion. Iaz eskaera onartu ziguten, eta eskolan planteatu dugun proiektu honek xakea izan du oinarri handi bat", esan du Garciarenak. 

Xakeak transmititzen dituen zenbait baliok hezkidetzan lantzen dituzten gai askorekin bat egiten dutela uste dute Oikiako Eskolan. "Errespetuzko jokoa da, eta leialtasuna eta zintzotasuna sustatzen ditu, besteak beste. Balio horiek gure irakaskuntza prozesuan antzeman daitezen nahi izan dugu", gaineratu du Haritz Gorriti Arrue irakasleak eta hezkidetza proiektuko arduradunak. Balio horiek ikasgelatik atera nahi izan dituzte "modu ludikoago batean lantzeko". "Jolasen balio hezitzaileez hitz egiten duten ikerketa asko daude. Aipatzen dute, besteak beste, jolasek sozializazioan laguntzen dutela, gatazkak konpontzeko baliagarriak direla, norberaren autonomian konfiantza hartzen laguntzen dutela, eta, batez ere, motibaziorako tresna apartak direla. Ikusita guk sustatu nahi izan dugun lanketan jokaera horiek guztiak ukitzen genituela, lanketa bat egin genuen xakea ikasgai akademikoetarako erreminta bihurtzeko". 

Mahai jokoaren balio horiek eskola mundura eramateko irudimena erabili behar izan dutela nabarmendu dute. "Taulaz baliatuz, adibidez, gizarteko botere harremanak landu ditugu; profil bat bestearen gainetik ez hobesteko saiakerak egin ditugu; imajinatu dugu xakeko sei pieza horiek nolakoak izango ziratekeen hezur eta haragizkoak izango balira; genero identitateak landu ditugu, neska eta mutila izateak zer suposatzen duen aztertuz; zuri-beltz koloreek ere joko handia eman digute azalaren koloreaz hausnartzeko; baita erreginaren figurak ere, pieza bakarra izanda ere taula osoan mugi daitekeelako", aletu du Gorritik. Eskolako alderdi guztietara zabaltzeko tresna bezala definitu du hark xakea. 

Astean ordubete eskaini diote jokoari Oikiako Eskolan. "LH1etik 3ra matematikako orduetan eman dugu, eta LH5etik 6ra tutoretzako orduetan. HHko haurrekin azkenaldian hasi gara, eta hor bai, hor nabaritu dugu denbora falta", argitu du eskolako zuzendariak. Garciarenak esan duenez, ordu osoa ez dira jokoan aritzen, "ikasleak desiratzen egoten badira ere. Joko horretatik abiatuta beste gai asko landu ditugu, baina azken hogei minutuetan xake partidak jokatzeko aukerak izan dituzte".

Arnasgunea batzuentzat

Oikiako Eskolako ikasleek xakeari harrera ezin hobea egin diotela azpimarratu dute. Ez alderdi ludikotik bakarrik begiratuta, baita heziketa aldetik ere. "Gela barruan aulkian eserita eta arbelari begira egoteko aparteko zailtasunak dituzten ikasleak ere oso gustura aritu dira; beste ikasleak baino hobeto, kasu batzuetan. Beraientzako arnasgune bat ere izan da", nabarmendu du Gorritik. 

Aurtengo inauterietan egindako mozorro jaialdia izan da xakearen inguruan antolatutako ekintzetako bat. Xakearen inguruko mozorro festa tematikoa izan zela dio Gorritik: eskolako ikasleak eta irakasleak xakeko pieza bizidun bihurtuta, partida bat jokatu zuten eskolako Zumaiako Udalak jolastokian margotu zuen taula erraldoian. Jaialdi hori prestatzeak lan handia suposatu ziela ere azpimarratu du irakasleak. "Klaustroan asko landu genuen gaia izan zen, eta mozorroak egiteak berak lan handia eragin zigun. Gauza bat da paperean margotzea, eta bestea, horiekin mozorroak egitea". Ez hori bakarrik, pieza bizidunak zuriz edo beltzez, zegokien koloreetan goitik behera janztea edo margotzea erabaki zuten. "Azkazalak barne. Horiek margotzea erronka bat izan zitekeela hausnartu genuen klaustroan. Ikasle askori, gehienbat mutilei, erreparoa ematen zien, baina margotu zituztenean, handik hilabetera oraindik pintura arrastoak zituzten azkazaletan. Margotze horrek bakarrik hezkidetzarekin lotzeko beste aukera bat eman zigun".

Inauterietako mozorroak, ikasturtean zehar ikasleek egindako marrazkiak eta banderak, edo, hezkidetzarekin lotuta egun esanguratsuen harira (Martxoak 8, Emakumeen Eguna; Maiatzak 17, LGTBI+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna; edo Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna) egindako lanketak eraikinaren sarreran atondutako Xakearen Txokoan ikus ditzakete eskolan sartzen diren guztiek. "Bertan egoten dira ikasleak xakean jokatzen. Espazio hau aldatzen joaten da beharren arabera: mahai gehiago jar ditzakegu, edo erabat kendu bilera bat edo antzezlan bat egiten dugunean. Gero, gela guztietan xake taulak sartu ditugu, eta jangelako orduetan ere xakean aritzeko aukera dute haurrek", esan dute. 

Partidak hasi aurretik, hori bai, zeremonia jakin bat bete behar dute ikasleek: "Elkarri eskua eman, partida on bat izatea desio, eta emaitza onartu". Taulan gertatzen dena taulan geratzen dela azpimarratu du Garciarenak. 

Berrikuntzetara ohitutako herria

Plangintza hori gurasoek nola hartu duten galdetuta, "jada ohituta" daudela esan du Gorritik barre artean. "Proiektua aurreko urte amaieran aurkeztu genuen, eta ez dut uste familiek sorpresarik hartuko zutenik. Haritzek dioen bezala, hainbeste gauza berri ekartzen ditugu… Proiektu berri batean ikusi egin behar dira emaitzak, ebaluatu egin behar da eta erabaki ea benetan ordu horiek eraginkorrak izan diren. Oraindik ez dugu ebaluazio hori egin, baina pentsatzen dugu positiboa izango dela", iritzi dio Garciarenak. 

Proiektuaren arrakastan eskola beraren izaerak eragina izan duela diote zuzendariak zein irakasleak. "Eskola txikia izatea baliagarria izan zaigu errazago koordinatzeko. Ikastetxean adin aniztasuna izateak ere lagundu diela nabarmendu dute.

Urtean zehar ohartu dira, baita ere, xakearen inguruko eduki oso gutxi zegoela euskaraz. "Taulak nolakoak diren, piezak nola mugitzen diren… halakorik ez dago euskaraz". Hori dela eta, materiala sortzen hasi dira. "YouTuben Oikiako Eskolaren kontua sortu dugu eta bideoak egiten hasi gara ikasleekin. Oraingoz gutxi batzuk daude, eta denen eskura jarri ditugu. Pixkanaka joango gara jarraipena ematen", gaineratu du ikastetxeko zuzendariak. 

Pozik da esperientziak izan duen erantzunagatik, baita eskolako eremutik atera eta herrira zabaldu delako ere. "Haurrek etxera ariketa txiki batzuk eramaten zituzten, eta etxean erantzunda ekarri behar zituzten. Orain, xakera jokatu gabe urteak zeramatzaten guraso batzuk berriro jokatzen hasi dira umeekin, eta bada bilobarekin jokatzen duen aitonaren bat ere!", txalotu du Garciarenak.

Asko egiteko

Lanketa honekin hasi besterik ez direla egin azpimarratu du Oikiako Eskolako zuzendariak. "Programaren %8 edo egingo genuen eta oraindik asko dago egiteko. Hurrengo erronka, agian, izango da xakea irakasleei beraiek irakastea, eta, akaso, gurasoak gonbidatzea torneo txiki bat jokatzeko. Hori guztia ezin da urte bakarrean egin, baina bai, geratzeko proiektu bat da hau".

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.