Donostiako Klasikoa eskualdetik igaroko da uztailaren 30ean

Andoni Elduaien 2022ko eka. 30a, 10:49

San Inazio bezperan jokatuko da aurten Donostiako Klasikoa, eta azken edizioan bezala, aurten ere Azkarateko eta Urrakiko mendateak igo beharko dituzte txirrindulariek. Eguneko lehen bi gainak eskualdean egingo dituzte txirrindulariek.

Uztailaren 30ean, San Inazio bezperan, jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta eskualdeko errepideetan egingo du ibilbideko lehen zatia. Ohi bezala, Donostiatik abiatuko da lasterketa, eta Usurbilerako bidea hartuko du segituan. Handik iritsiko da proba eskualdera, eta kostaldeko herri guztiak –Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaia– zeharkatuko ditu. Zumaiatik Arroa aldera iritsiko dira lasterkariak, baina gero eskualdea utziko dute une batez, Itziar, Deba, Mendaro eta Elgoibar igarotzeko. Elgoibarko autobideko ordainlekuaren aurreko biribilgunetik Azkoitiko Azkarate mendatera abiatuko da proba, eta handik iritsiko da Azkoitira. Azkoititik Azpeitirako bidea hartuko du tropelak, eta Urrakiko mendatean utziko dute eskualdea, Bidania-Goiaztik Tolosarako bidea egiteko.

Lasterketak sei mendate puntuagarri izango ditu aurten ere, eta horietako bi izango dira Azkoitiko Azkarateko mendatea (3. mailakoa) eta Azpeitiko Urrakiko mendatea (2. mailakoa). Hain zuzen ere, probako lehen bi mendateak izango dira beste behin Azkarate eta Urraki. Honako ordutegi hauek aurreikusi ditu antolakuntzak herri eta mendate bakoitzerako:

  • Orio: 12:17-12:19 aldean.
  • Zarautz: 12:25 eta 12:28 aldean.
  • Getaria: 12:30 eta 12:34 aldean.
  • Zumaia: 12:38 eta 12:43 aldean.
  • Arroa: 12:43 eta 12:48 aldean.
  • Azkarateko gaina: 13:22 eta 13:32 aldean.
  • Azkoitia: 13:31 eta 13:42 aldean.
  • Loiola: 13:36 eta 13:47 aldean.
  • Azpeitia: 13:39 eta 13:51 aldean.
  • Urrakiko gaina: 13:52 eta 14:05 aldean.