Eskualdeko errepideetatik igaroko da igandean Eibarko Hiria txirrindularitza proba

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 6a, 12:00

IV. Eibarko Hiria Sari Nagusia txirrindularitza proba jokatuko da igande honetan. Nazioarte mailako proba garrantzitsua da, Eibarren izango du irteera eta helmuga, eta eskualdeko herrietatik ere igaroko da. 

Emakumezkoen elite mailako hemeretzi taldek hartuko dute parte igandean Eibarko Hiria Sari Nagusia txirrindularitza probaren laugarren edizioan. Bertan izango dira emakumezkoen tropeleko izen garrantzitsuak. 112,3 kilometroko bidea egingo dute txirrindulariek Gipuzkoako eta Bizkaiko errepideetan zehar.

Goizeko 10:00etan abiatuko da tropela Eibarko Untzaga plazatik, eta kostalderako bidea hartuko du. 10:50k aldera Arroa Beheko biribilgunera helduko da, eta hiru minutu geroago Zumaiara, Txikierdiko biribilgunera. Han Oikiarako bidea hartuko dute txirrindulariek, eta Muniosorotik Meagako igoerari ekingo diote. Meagatik Zarautzera jaitsiko dira (11:10etan), eta kostako errepidea hartuta, Getariatik (11:16ean) eta Zumaiatik (saihesbidetik, 11:25ean), berriro Arroa Behearantz bueltatzeko.