1936ko gerran hildako Ignacio Lopetegi Oliden oikiarraren gorpua aurkitu dute Begoñako hilerrian

Gorka Zabaleta 2022ko mar. 31a, 17:40
Ignacio Lopetegi Oliden.

1936ko gerran Bilbo inguruan hildako 46 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadi Elkarteak Begoñako hilerriko hobi komun batean eta, soinean zeraman identifikazioaren arabera, Ignacio Lopetegi Oliden oikiarrarena da haietako bat.

Izan ere, oraindik proba genetikoak egin beharko diren arren, gorpua bere identifikazio txaparekin aurkitu dute, Gogora institututik senideei jakinarazi dietenez. Aurkitutako 46 gorpuetatik oraingoz lau baino ezin izan dituzte identifikatu.

1937ko ekainetik, gerran desagertutzat zuten Ignacio Lopetegi Oliden. Oikiako Iparragirre baserrian jaioa zen, 1913ko apirilaren 6an. Zortzi anai-arreba ziren etxean (hiru mutil eta bost neska), zaharrenetan bigarrena bera. Arantxa Ugarte Lopetegi ilobak azaldu digunez, "etxean beti entzun genuen osaba gerran hil zela, baina gehiago azaldu gabe". Bilbo defenditzen ari zirela Artxandako gudan hil zutela, horixe zekiten. 

Gogora institutuaren datu basean aurkitu zuen osabaren fitxa, baina apenas zegoen daturik. "2021ean idatzi nien, informazio gehiago ba ote zuten. Orduan ez nuen erantzunik jaso baina, hara sorpresa, Aintzane Ezenarroren [Gogora institutuko zuzendaria] deia izan nuen duela egun batzuk, jakinarazteko gure senidearen identifikazioarekin agertu dela gorpu bat Begoñako hilerrian". 85 urte eta gero, azaldu da Ignacio.

Erabat ziurtatzeko DNA probak egin beharko dituzte. "Seme-alabarik ez zuen utzi Ignaciok, baina bai iloba mordoa; alde horretatik, ez da arazorik izango. Ea prozesua bukatzen denean osabaren hezurrak Oikiara ekarri eta kanposantuan lurperatzeko aukera daukagun, bere ama Madalenaren alboan".