Errioak gainezka egin du berriro ere Oikian

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 10a, 11:52

Urola ibaiak gainezka egin du Oikiako leku batzuetan. Hori dela eta, Artadi eta Oikia lotzen dituen errepidea moztu behar izan du Udaltzaingoak. 

Indarrarekin ari da jaisten Urola ibaia. Azken asteotan botatako euriteen ondorioz, mendiak ez dira gai euri ur gehiago xurgatzeko, eta, ondorioz, ur horrek guztiak ibaian amaitzen du. Hala, errioak gainezka egin du Urolaren bailarako hainbat lekuetan. Zumaian, aurrez askotan gertatu izan den bezala, Oikia parean atera da bere ibilgutik.

Orain hamabi egun, azaroaren 29an, Artadi azpian dagoen Torrontegi baserriaren parean egin zuen gainezka Urola ibaiak. Orduan ez bezala, oraingo honetan baserriaren ateraino heldu da ura, baserriaren inguruan dauden soroak eta baratzeak urarekin estaliz. Rafael Manzisidorrek azaldu duenez, atzo ere atera zen errioa bere ibilgutik, baina gaurkoan baserriarean ateraino heldu da. "Goizaldera ikusi dugu ura ari zela sartzen, baina goizeko 8:00etatik aurrera asko igo da. Orain, zorionez, geratu egin da", zioen.

Aurrez ere uholdeak izan dira Oikiako paraje horretan, Urolak kurba egiten duen lekuan. "Badakigu urak ibaiaren ondoko horma igarotzen duenean uholdeak izango ditugula baserrian", azaldu du Manzisidorrek.

Egoeraz ohartuta, eta Oikiatik Artadirantz ateratzen den bidean izan zitekeen arriskuaz jabedun, udaltzainei abisatu die bidea ixteko. 

Torrontegin bezala, Konde baserriaren inguruko soroak ere urak estalita zeuden, baina ur araztegiaren atzealdean dauden baratzeren batzuk ere.