Azaroaren 25a

[BIDEOA] Oikiako Eskola hegoak astinduz

Oikiako Eskola 2021ko aza. 25a, 15:47

Gaur azaroak 25 ditu eta urteroko moduan gurean kolore morez markatutako eguna dugu egutegian. Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izanik hainbat ekintza burutzen ari dira gure herrian ere.

Oikiako Eskolan argi dute tratu ona guztion kontua dela eta horren harira lanketa burutzen ari dira azken egunetan. Beste batzuen artean, Guk ere txoria dugu maite ekimena jarri dute martxan. Eskola komunitate osoaren artean hego erraldoi batzuk egiten ibili dira azken egunetan. Horretarako, ikasle, irakasle, eskolako beste langile, familia, auzotar eta gerturatu diren gainerakoak lumak egiten ibili dira buru-belarri.

Zeregin horretan ez dira bakarrik jardun, ordea. Zestoako Gisasola Egoitza ekimenean interesatu eta eurak ere lumak apaintzen ibili dira. Ikasleak eta egoiliarrak elkarrekin lankidetzan ibili dira, beraz; eta, bai batzuk eta bai besteak errepikatzeko gogoz azaldu dira.

Azkenik, arratsaldean hegoak zintzilikatu dituzte eta kolorez betetako lumekin argazkiak ateratzen ibili dira. Oikiako Eskolan zintzilik jarraituko dute hegoek, denboraldi batez behintzat. Izan ere, hegoak ebakiz gero, ez gara gehiago txori izango.

Azaroak 25, tratu ona guztiona da
Guk ere txoria dugu maite