Urolako itsasadarraren Plan Bereziari behin betiko onarpena eman zaio

Tramitazio luze baten ondoren, azaroan egindako Udalbatzak eman dio behin betiko onarpena Zumaiako itsasadarraren plan bereziari. Santiagotik Oikiaraino hainbat ekosistema desberdin aurki daitezke itsasadarrean: Santiagoko duna eta padura, artadiak, errekaren ertzak, Beduako irlak, estuarioa... Horiek guztiak zaindu eta babestu beharreko eremuak dira, eta horretarako osatu da plana.

Urolako itsasadarra Zumaiako paisaiaren parte garrantzitsua da, baina aberastasun horrez gain, ingurumen eta biodibertsitatearen ikuspegitik balio azpimarragarria du. Itsasadarra guztiz gizatiartutako eremua bilakatuta badago ere, kalitate eta bakantasun nabarmenak jasotzen dituen paisaia da, eta oraindik era natura gune bereziak inguru erakargarrian kokatzen ditu.

Behin betiko onartutako plan berezia osatzerakoan, honakoak izan dira helburuak: Natur baliabideak kontserbatu, hobetu eta berreskuratzea; estuarioaren erregimen hidrologiko naturala eta haren dinamika mantendu eta bermatzea, haren birsorkuntza sustatzea; sistema barruko habitatak eta flora zein fauna populazioak aktiboki kontserbatu eta hoberen ordezkatutakoak babestea; uren kalitatea bermatzea; flora inbaditzailea erauztea eta aisialdirako erabilerak eta hiri-presioak kontrolatzea.

Helburu horiek lortzeko planak hainbat atal desberdin ditu:

- Informazio eta justifikazio memoria. Diagnostikoa. Plan Bereziaren helburuak eta antolamendu-proposamenaren oinarriak)

- Ekintza-plana

- Partaidetza plana

- Antolaketa-jarraibideen azterketa eta plana gauzatzeko prozesuaren kudeaketa.

- Hirigintza-araudia.

- Informazio-planoak eta antolamendu xehakatuaren planoak.

Planaren ataletako bat itsasadarraren berreskurapena eta mantentzea ahalbidetuko dituen ekintza plana da. Hor zehaztutako ekintzak aurrera ematea da Zumaiako Udalaren lana, eta bide horretan, hasi da lanean. Hala, hasiak ditu tramiteak Artadian ibilbide bat egiteko eta araztegiaren ostean hegaztien behatoki bat sortzeko.

Plan honek orain artean baino babes handiagoa izatea ekarriko du. Orain artean, Urolako itsasadarra Europar Batasunaren Natura 2000aren baitan Kontserbazio Bereziko Eremu gisa deklaratua zegoen. Sare horrek bioaniztasuna mantentzeko eremuen sare ekologiko europarra osatzen du, eta Europako habitat eta espezie mehatxatuenen epe luzerako biziraupena ziurtatzea da, horrela, gizakien jardueren eragin kaltegarrien ondoriozko bioaniztasunaren galera gelditzen lagunduz.

215/2012 Dekretuan eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartu ziren, eta tartean da ES21200004 Urolako itsasadarra.