Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko desafioan egongo da Zumaia-Salegi jatetxea

Baleike 2013ko eka. 21a, 12:56

Goi mailako arraunak atsedena hartuko du asteburu honetan. Baina gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera, estropada berezi bat izango da Bilboko itsasadarrean. Elecnor eta Bilboko Udalak, Bizkaiko Diputazioa eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, bizkaitarren eta gipuzkoarren arteko desafio bat antolatu dute. Guztira 8 traineruk hartuko dute parte: bi emakumezkoenak eta sei gizonezkoenak.

Bizkaitarren izenean Kaiku, Urdaibai, Portugalete eta emakumezkoen Bizkaiko taldeak hartuko dute parte. Gipuzkoa defendatuz aldiz, Hondarribia, San Pedro, Orio eta Zumaiako emakumezkoak izango dira.

Estropada berezia izanik, bera jokatzeko modua ere ez da ohikoa izango. Hiru txandetan banatuko da lehia. Lehendabizi erlojuaren aurka jokatuko da, eta sailkapenaren arabera, ondorengo txandako bikote aurkariak osatuko dira. 1.600 metro egin beharko dituzte bi luze eta ziaboga batera.

Ondoren, herrialde bakoitzak 11.200 metroko distantzia osatu beharko du 5.600 metro eginez 2 txandetan. Errelebo formatuan jokatu beharko da eta txanda bakoitzak 800 metroko 7 luze izango ditu. Emakumezkoek luze bat egin beharko dute eta gainerako seiak gizonezkoek.

Bilboko udaletxearen aurrean ekingo zaio estropadari eta La Salveko zubian egongo da kokatuta ziaboga. Kirol ekitaldi hau ETB1ek zuzenean eskainiko du.