Pulpoko sei kadetek, Euskadiko Selekzioarekin, Espainiako Txapelketan parte hartuko dute

Baleike 2013ko eka. 20a, 10:41

Pulpok harrobi ona duela urteetan ikusi da, izan ere, askotan joan dira Euskadiko Selekzioarekin jokatzera hainbat jokalari. Baina egungo kadeteen taldea salbuespentzat hartu genezake, izan ere selekzioa osatuko duten ia jokalari erdiak zumaiarrak izango dira. Belaunaldi abila, gogo eta ilusio biziz eraikia, talde sendoa eta lehiakorra osatzen dute. Oraindik gogoan dugu Espainiako Txapelketako lehen sektorea Zumaian jokatu zutenekoa.

Baina jadanik denboraldia amaituta, eta orain Euskadiko Selekzioarekin, Espainiako Autonomia Erkidegoen arteko Txapelketa jokatuko dute ekainaren 24tik 29ra bitartean, Zamoran. Lehiaketa horretarako, Zumaiako taldetik, guztira 6 jokalari deitu ditu aukeratzaileak. Hala, hauek izango dira ikurrinaren koloreak defendituko dituzten sei mutilak: Eneko Tena, Kauldi Odriozola, Ander Olaizola, IƱigo Alday, Ander Torriko eta Mikel Martinez.

Lehenengo faseko multzoan Kanariar uharteak eta Errioxako selekzioak izango dituzte aurkari. Talde buru izaten badira, Melilla eta Kantabriaren arteko garailea izango dute hurrengo oztopo. Partida hau ere irabazten badute, final laurdenetara iritsiko dira eta hor selekzio indartsuagoak izango dituzte aurrez aurre.

Lehenengo partida astelehenean izango dute Kanariar uharteen aurka, arratsaldeko 20:00etan. Partida guztiak Zamorako Manuel Camba kiroldegian jokatuko dira. Finala gainera, telebistaz ikusi ahal izango da, hilaren 29an.