Viveros San Anton Gipuzkoako itzulian izango da, ostiraletik astelehenera

Baleike 2013ko eka. 20a, 10:31

Viveros San Anton – Zumaiako Txirrindulari Elkarteak parte hartuko du junior mailako Gipuzkoako itzulian. Ostiralean sarrerakoa jokatuko dute Aian; 2,5 km-ko ibilbide zigi-zagatsuak erabakiko du lehenengo liderra (azkenengo 300 metroak oso, oso zailak dira).

Lehen etapa larunbatean Olaberrian hasi eta bukatuko da; denbora guztian gora eta behera ibiliko dira txirrindulariak. Gabiria, Liernia eta Olaberria izango dira zailtasunetako batzuek. Igandean 2. etapa Andoaindik abiatuko da, bertara itzultzeko baina Aiatik Andazarrate igoko dute eta helmugarako 5 km faltan Xoxoka. Bi lehen etapa hauek gainera amaiera maldan gora izango dute. Azken etapa, astelehenekoak, Seguran du hitzordua; Liernia, Mutiloatik mehategietako malda… egun horretan ere ez da aldaparik faltako.

Ibilbide zaila eta oso exijentea eta horrezaz gain, maila handiko txirrindulariak parte hartzen. Benetan orain arteko lanik zailenak izango dituzte gure txirrindulariek. Zazpiko taldeak izango dira errepidean baina Viveros San Antonek bostekin bakarrik egingo dio aurre itzuliari: Aitor Olaziregi, Gorka Etxabe, Ibon Egaña, Haritz Eizagirre eta Jose Manuel Castillo.

Aurreko larunbatean test polita izan zuten Zarautzen eta benetan Aitor Olaziregik oso ondo erantzun zuen. 4.a izan zen San Pelaioko helmugan Viveros San Antongo txirrindularia. 75 ziklista abiatu ziren eta 41k bakarrik lortu zuten helmugara heltzea, Katea, Meaga, Aia eta Orio izan ziren 82 km-ko ibilbidea maldak, eta abiadura handia: 40,17 km/o. Alex Aranburu irabazlea bakarrik heldu zen, eta gero 14ko multzo bat, hortxe sartu zen Olaziregi. Zumaiar gaztea saiatu zen esprinta saihesten, baina ez zen posible izan eta multzoan hirugarrena izan zen, lasterketa 4. bukatuz. Gorka Etxabek ere lortu zuen lasterketa bukatzea: 38.a izan zen.

Bestalde larunbat honetan Korta industrigunean alebinen eta infantilen denboraldiko azkeneko lasterketa jokatuko da. Arratsaldeko 4.30etan hasiko da dira karrerak.