Slow Zumaia jardunaldiak izango dira astelehenetik igandera

Baleike 2013ko eka. 17a, 10:16

Slow Zumaia izenarekin ezagutzen diren gastronomia eta natura iraunkorraren jardunaldiak izango dira aste honetan Zumaian. Asteburuan izango dira ekintza gehienak eta astean zehar jardunaldi hauetarako espresuki prestatutako pintxoak dastatzeko aukera izango da herriko zenbait tabernatan. 

Slow Food Italian sorturiko mugimendua da eta otordu lasaia esan nahi du. Mugimendu honek elikadura garbi, osasuntsu eta orekatua sustatzen du eta Fast Food mugimenduaren kontrakoa kontzeptua da, otordu azkarrarena alegia. Mugimendu honek elikaduraz gozatzen ikastea du helburu: otordu tradizionalak baloratzen, gauza desberdinak modu osasungarrian jaten, astiro eta mahaian jaten... Gainera, jaterakoan, 5 zentzumenak erabiltzen ikasten da: elikagaiak ikusiz, ukituz, usainduz eta dastatuz.

Gaur hasi eta ostegunera bitartean jardunaldietarako bereziki prestatutako pintxoak eta razioak dastatu ahal izango dira Itzurun, Zumaia Hotela, Beheko Plaza, Kalari, Gure Txokoa, Kresala, Idoia ardotegia eta Marina Berrin. Pintxo hauek asteburuan zehar izango dira baita ere taberna hauetan.

Ostiralean, larunbatean eta igandean Slow menu bereziak izango dira Basusta, Beheko Plaza, Marina Berri, Trapaia eta Zumaia Hotela jatetxetan. Menuen prezioa 25 euro izango da, BEZ barne, baina edariak aparte. Zerbitzatuko diren menuak eta astean zehar aurkeztuko diren pintxoak kartelean ikus ditzakezue.

Kulturak ere izango du bere txanda datorren asteburuan. Ostiralean, 19:30ean, Musikeneko ikasleen akordeoi kontzertua izango da Komentuan. Larunbatean, egun osoan, Ludotekako 20. urteurreneko ekitaldiak izango dira. Igandean, goizez eta arratsaldez, Artisau azoka izango da beheko plazan. 11:00etatik 13:00etara, Slow sukaldaritza tailerra egingo da gaztetxoentzat. 19:30ean Melissa and the Jacks taldearen kontzertua egingo da plazan eta 22:30etatik aurrera San Juan suak Sanjuaniturrin. Ondoren, Eki eguneko ekitaldiak egongo dira.