Bi zumaiarrak ondo erlojuaren aurkako Gipuzkoako txapelketan

Baleike 2013ko eka. 14a, 09:10

 

Aizarnabalen asteazkenean jokatutako bakarkako erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketan, bi zumaiarrek maila ona erakutsi zuten.

Aitor Olaziregi (Viveros San Anton) seigarrena izan zen. Beroa egiten zuen 19:15ean, hidratatu egin behar zen eta indarrak ondo neurtu 14,9 kilometroko ibilbidea osatzeko, eta azken maldara hustu gabe heltzeko. Olaziregik ederki bete zituen egin beharrekoak. Erreferentziarik ez zuen izan, bera izan baitzen abiatzen aurrena eta entrenaldietan eta aurreko urteetan egindako denboren errefeentzietan oinarrituz, lasterketa ona osatu zuen zumaiar gazteak. Gipuzkoako rankingeko 15 lehen itxirrindularietatik azkena zen, teorian azken tokian amaitzeko arriskuarekin, baina praktikan rankingeko bost lehenengoen ondoren bera izan zen onena. 21 minutu eta 22 segundu behar izan zuen Olaziregik ibilbidea osatzeko, honek esan nahi du bere bataz besteko abiadura 41,841 km/h-koa izan zela.

Eider Unanuek (Caja Rural) zilarrezko domina lortu zuen. Nesken junior mailan hiru izan ziren parte hartzaileak eta Eider Unanuek ondo erantzun zuen.

Asteburuari begira, juniorrek larunbat goizean Zarautzen dute lasterketa; kadeteek arratsaldean Oñatin eta alebin eta infantilek, denboraldiko azkenaurreko lasterketa jokatuko dute Lasarte-Orian. Neskek berriz larunbatean Osintxun eta igandean Zizurkilen dituzte lasterketak.