Urola ibaiaren itsasadarra Kontserbazio Bereziko Eremu bezala izendatu du Eusko Jaurlaritzak

Baleike 2013ko eka. 12a, 12:19

 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak, dekretu baten bitartez, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE)v bezala izendatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hamalau eremu. Horien artean da Urola ibaiaren itsadarra.

Hartutako erabakiaren agiriak jasotzen duenez, eremu hau KBE bihurtzeak bermatu behar du “basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak lehenera ekarriko direla edo, ondo kontserbatuta, beren horretan eutsiko zaiela”. Hegazti-espezien biziraupena eta ugalketa ziurtatu beharko luke, eta, batez ere, basa-hegaztien kontserbazioa.

Hartutako erabakien ondorioa da Urola ibaiaren itsadarra (Oikiatik Santiagoraino, Beduako irlak, artadia eta Santiagoko dunak barne), Europa mailako natur gune sarean, hau da, Natura 2000 sarean sartuko dela. Ingurunea babesteko neurriak hartzea ekarriko du honek eta baita kudeaketa plan bat onartzea ere.

Natura 2000 sarea Europa mailan bereziki babestu beharreko guneen Sare Ekologikoa da eta KBEen sare hau Europako biodibertsitate galera geldiarazteko tresna nagusia da. Sare horretan sartzeak lurralde bat KBEa izendatzera eraman duten espezie eta habitatak, kontserbaziorako kudeatu behar izatea dakar.

Hemen irakurri daiteke agiria bere osotasunean.