Etxeetan konposta egitera animatzeko kanpaina bultzatuko du Udal Elkarteak

Baleike 2013ko eka. 11a, 14:21

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “etxean konposta egiteko” ekimena jarri zuten martxan 2005ean. Geroztik, urtero, hainbat ikastaro egin dira eskualdean eta 2012ko irailean 432 familiak zuten konpostagailua jarrita beren etxean. Zerbitzu horren helburua da norberak etxean sortzen dituen hondakin organikoekin etxean bertan (lorategian edo baratzean) konposta egitea.

Udal Elkarteak eta eskualdek udalek, Zumaiakoak barne, indartu eta areagotu egin nahi dute eskualdean etxean eta auzoan konposta egitea eta horretarako jarri zuten martxan joan den azaroan etxean eta auzoan konposta egiteko plana. Ekimen hori burutzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du Udal Elkarteak.

Horren baitan, etxean konpostagailua jartzeko proposamena luzatzen du Udal Elkarteak horretarako baldintzak betetzen dituzten ahalik eta familia gehienetan (baratza, berdegune edo lorategi txiki bat izan behar da). Udal Elkarteak bost herrien azterketa zehatz eta sakona egin du, potentzialtasuna neurtzeko. Azterketa horretan, bost udalerrien kartografia digitaleko datuak aztertu dira, partzela eta etxebizitza-motak zehazteko.

Datu horien arabera, eskualdean 20.906 etxebizitza daude eta horietatik 2.024 etxebizitzek lorategi pribatua dute (305k berea eta 1.719 etxebizitzak lorategi komunitarioa).

19.192 tonakoa da. Egindako azterketen arabera, etxeko konpostajearen bitartez kudeatu daitezkeen hondar organikoen potentziala 468 tonakoa da (etxeko konpostajea eta bizilagunen artekoa kontuan hartuta). Beraz, sortzen dugun hondakin kopuru osoarekin alderatuz gero, konpostajearen bitartez prebenitu daitekeen hondakin kopurua %2,44koa da. Ondorioz, ekainean deialdia egingo da Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian, banakako lorategia edo bizilagunen lorategia duten etxebizitzei konpostagailua jartzeko eskaintza egiteko.

Kanpaina horretan gutunak bidaliko dira, aipatutako baldintzak betetzen dituzten etxebizitzetara. Bertan, ikastaroak non eta noiz izango diren adieraziko da eta izena nola eman adieraziko da. Ikastaroaren iraupena ordubete ingurukoa da.

Zumaian bi ikastaro egingo dira, ekainaren 17an lehena eta uztailaren 4an bigarrena. Biak 19:00etan egingo dira Algorri interpretazio zentroan.

Izena emateko eta argibideak jasotzeko: 943554874 / konposta@urolakosta.org