Pasa den astean hasi ziren Conservas Ortizek Axular ibiltokian zuen enpresa zaharra eraisten. Utziko duen lekuan 62 etxebizitza eraikiko dituzte Loiola Gestion Inmobiliariak eta Altuna y Uriak.
Eraikina botatzeko makinak sartu aurretik, teilatua kentzen ari dira langileak. Uralitazko teilatua da eta amiantoan irensteko arriskua ekidin nahian, kontu handiarekin ari dira plakak banan bana kentzen. Lan hauek egiten ari diren enpresatik jakitera eman dutenez, egunean gehienez lau ordutan egin ditzakete lan hauek. Behin teilatua kenduta, eraikina botatzen hasiko dira. Hiru hilabeteko epean lanak amaituta egongo direla espero dute.
Jarraian, 'Ortiz bizigunea' bezala izendatu duten promozioko urbanizazioa egiten hasiko dira. Promozio honen baitan garaje eta gordailudun 62 etxebizitza egingo dituzte. Lanak urte honetan bertan hasiko direla aurreikusten dute eta 2015ean amaituta izango direla. Ortiz zaharra bota eta lanak hasi bitartean, ingurunean urbanizazio lanak egitea aurreikusten da.