San Jose kalea urtarrileko Baleiken

Baleike 2013ko urt. 10a, 12:45

Jadarreko lanak amaitzeko azken fasea falta denean, Zumaiako beste auzo degradatu baten txanda heldu da, San Jose kalearena, hain zuzen ere. Irisgarritasun arazo handiak dituen auzoa izanik, hura berritzeko plan berezia aurkeztu zien Udalak auzotarrei iragan udan. Baina zer arazo ditu San Josek? Eta zertan datza plana? Ia mende erdian Odieta frontoi zaharraren atzealdean ezkutatuta egon den auzoaren erretratua egin nahi izan dugu: planaren xehetasunak, auzotarren iritziak, arazo larrienen mapa... Urtarrileko Baleike aldizkarian aurkituko duzue erreportaje zabala. Hemen aurrerapena:Izaskunek sarritan igo behar izaten ditu San Jose kaleko behealdea eta goiko eraikinak lotzen dituzten 45 eskailera mailak. Goiko eraikin batean bizi da eta erosketetatik, paseatzetik edo zaborra botatzetik bueltan, 45 mailak igo behar izaten ditu. Adinean aurrera doa eta etxerako bidea gero eta gogorragoa egiten zaio. Bizi osoa darama San Jose kalean: bertan ezkondu zen eta bertan hazi ditu bere hiru seme-alabak. Eta beste ehundik gora auzotar bezala, Udaletxeko Pleno Aretora joan zen Udalak auzorako prestatutako plan nagusiaren berri izatera. Adi-adi jarraitu zituen teknikari eta politikarien azalpenak. Jenio biziko emakumea izanik, ez zen batere konbentzituta atera bileratik: “Nik ez ditut obra hauek amaituta ikusiko!”. Izaskunek, Rosariok, Santiagak eta Ignaciok bezala, hauteskunde garaian ate joka etorritako politikariengandik hitz polit asko entzun ditu. Baina jada ez du ezer sinesten.

“Gure auzoan ez dute ezer egiten. Akaso guk ez al ditugu zergak ordaintzen beste herritarrek bezala?”, dio auzotar batek besteari eskailera pikeak igotzen hasten diren bitartean. Derrepente marru bat entzun da: “JOZEEEEEE!”. Julia da. Eskaileren behealdean dago, erosketak garraiatzen, Jose semeari deika poltsak igotzen laguntzeko. Denak ere goiko eraikinetan bizi dira eta ondo ezagutzen dute porlanezko eskailera hau. “Jar ezazu 120 maila igo behar izaten ditudala! Eskailera hauek eta portalekoak, laugarrenean bizi naiz-eta. Ez ahaztu, e?”, adierazi dio Rosariok kazetari auzokideari.

San Jose kalea Foruen enparantzan hasten bada ere, arazo urbanistiko larrienak goialdeko etxeetan daude, Arritokieta azpialdekoetan, 1960ko hamarkadan Iturri baserriko Azkue familiarenak ziren lursail maldatsuetan eraiki ziren etxebizitza sozialen inguruan. Gorka Arregi udal arkitektoak plan nagusiaren aurkezpeneko bileran azaldu zuen bezala, “garai hartan ez zegoen gaur egungo sentsibilitaterik, eta ez ziren igogailurik jarri. Aldapa eta eskailera asko, sarbide zailak… arazoak denborarekin areagotzen joan dira eta ezer gutxi egin da gabezia horiek konpontzeko”.

Horren jakitun da Juani Castillo. Auzotar askok bezala, honek ere bizitza osoa darama auzoan. Bertan ezkondu zen eta bertan izan ditu bi semeak. “Orain 20 bat urte menditik jaisten zen erreka estali zen, eta ordutik ezer gutxi egin da gure auzoan, ezer ez esateagatik”, dio. [...]

Erreportaje osoa, urtarrileko Baleike aldizkarian.