Zirkua izango da inauterietako ikuskizunaren gaia

Baleike 2013ko urt. 10a, 11:43

Seigarren urtez kale ikuskizuna prestatuko du Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak inauterietarako. Zirkua da aurtengorako aukeratu duten gaia. Otsailaren 8an izango da, 18:30ean.

Lanzko inauterian oinarritutako ikuskizuna izan zen lehenengoa, 2008an, eta orduz geroztik Akelarrea, Piratak, Asterix eta Obelix, eta Mamu Festa izan dira aukeratutako gaiak. Zirkua aukeratu dute aurten, eta, aurrekoetan bezala, musika eskolako ikasle, guraso eta irakasleek hartuko dute parte, musika banda, eta Inaxio Tolosa, Elena Irureta eta Telmo Iruretarekin batera.

Eszenografia eta ilustrazio lanak Ander Hormazurik egingo ditu, eta ikasleen jantzietaz ludoteka arduratuko da. Iaz gurasoen partehartzea bultzatzeko asmoarekin Baztandik Amaia Zinkunegik material birziklatuarekin eginiko jantziak ekarri zituzten. Aurten berriz, Amaiak jantzien tailerra emango du urtarrilaren 25ean eta otsailaren 1ean, gurasoei zuzendua. Jantzi tailer honetan izen-emateko data urtarrilaren 21etik 25era bitartean izango da.

Kalejiran parte hartu nahi izanez gero entsaioak egun hauetan izango dira:

- Otsailak 4, 18:00etan Ludotekan.

- Otsailak 7, 18:00etan Torre Berrin.

Kalejira ZMDE hasiko da 18:30ean; aurrez, 18:00etan, ikasleak trikitilariekin etorriko dira ludotekatik. Ubillostik Kofradiako plazaraino joan, han buelta hartu eta Beheko Plazan izango da ikuskizuna –aurrekoetan Ondartxon egin izan –.