Angularik garestienak

Baleike 2013ko urt. 4a, 18:28

Santiagoko hondartza parea gustuko lekua du Xabier Arranzek angulatarako. "Urte asko dira inguru honetara etortzen naizela angulatara; inoiz ez dut ezbeharrik izan, atzo gauera arte". Iluntzeko zazpiak izango ziren, betiko moduan hondartza parera gerturatu eta txalupak hondoa jo zuenean. "Segituan ohartu ginen handik ez zegoela ateratzerik, eta ontzia uztea erabaki genuen". Gaur egun osoa eman dute ontzia berreskuratzen. Azkenean, lortu dute kirol porturaino garraiatzea. Orain ikusi egin behar kalteak zenbaterainokoak diren.Marearik egokienak ez diren arren, txalupa hartu eta probatzera atera ziren atzo iluntzean Xabier Arranz eta laguna, "burua arintzeko, besterik ez bada". Ohi moduan, Santiagoko hondartza parera abiatu ziren. Gustuko lekua du Xabierrek, eta ondo ezagutzen du. Atzo, ordea, ezustekoa izan zuen. "Behar baino gehiago gerturatu ginen, nonbait. Azkenaldian hondar asko pilatu du eta konturatzerako harrapatuta gelditu ginen". Ez atzera ez aurrera, handik ateratzea ezinezkotzat jo eta ontzia bertan uztea erabaki zuten. Gaur goizeko lehen orduan joan dira ontzia uretaratzeko asmotan, baina ordurako hondarrak hartuta zegoen. Lehorretik ateratzea zen aukera bakarra.

Eguerdi aldera hasi dira lanean, traktorearen laguntzarekin. Hasieran gogotik kostatu zaie hondarretik libratzea. Askatu dutenean, traktoreak hogei bat metro mugitu du, baina ezin izan du hondartzaren malda gainditu eta kateatuta gelditu dira berriro. Besodun traktorea ekarri dute ondoren, eta handik zintzilikatuta lortu dute pixkanaka Santiagoko hondartzaren atzealdera ekartzea. Han garabidun kamioi batean sartu eta kirol portura garraiatu dute. "Orain kalteak neurtu behar". Txalupak zuloa du sabelean, eta motorra ere aztertu beharko dute. Kezkatuta eta penaz ikusi dugu Xabier. "Zenbat ordu sartu ote ditut txalupa bereziki angulatarako prestatzen...". Garesti atera zaizkio Xabierri atzoko ehun gramoak.